literatura

Literaturia ekimenaren ardatz irakurleen taldeak izan dira gaur Larrabetzun

Goizeko mahai-inguruan Euskal Herriko hamabi irakurle taldetako kideek hartu dute parte, baina beste ekimen asko dago bihar arte, eta literaturarenganako zaletasuna jendetza erakartzen ari da Larrabetzura.

2010eko ekainaren 5a
20:38
Entzun
Irakurleak eta, batez ere irakurle taldeak izaten ari dira Larrabetzun (Bizkaia) atzotik Literaturiaren oinarrietako bat. Hala, irakurle taldeen arteko mahai-ingurua egin dute gaur goizean, eta Euskal Herriko hamabi irakurle taldetako kideek hartu dute parte. Durango, Igorre, Iurreta, Markina, Santutxu, Basauri, Amezketa, Donostia, Legazpi, Larrabetzu, Zumarraga eta Meatzaldeko taldeetako ordezkariak izan dira. 111 akademiak sustatutako ekimenean, gai asko aipagai, eta gai interesgarriak izan dira goizeko lehen orduetatik.

Iaz bezala, euskara hutsezko literatur liburuen azoka ere egin dute, plazan. Eta argitaletxe nagusiek jarri dituzte mahaiak: Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Igelak, Maiatzek, Susak, Utriusque Vasconiaek eta Txalapartak. Halaber, liburu aurkezpenak eta literaturarekin zelanbaiteko lotura duten askotariko ekitaldiak egiten ari dira Literaturian.

Anguleri kultur etxearen inguruan, berriz, umeak, gurasoak, musika, bertso ipuinak, irakurketak, eta Joxan Ormazabali omenaldia izan dira. Eta batez ere, jendea. Jende ugari batu da eskaileretako anfiteatro berezian. Ekitaldirik jendetsuenak, Bertso ipuina -Larrabetzuko bertso eskolako gaztetxoek gauzatua- eta Joxean Ormazabali hainbat emakume idazlek egin dioten omenaldia izan dira.

Atzo Edorta Jimenezek eta Rafa Ruedak Haragizkoa ikuskizunarekin zioten jaiari, eta ondoren Joseba Tapiak berotu zuen giroa, udazkenean kaleratuko duen diskoaren abestiak emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.