Politika

“Lizarra-Garaziko edukiei” heltzeko deia egin du ETAk

Uztailaren 29az geroztiko hamar atentatu hartu ditu bere gain BERRIAra helarazitako agirian, besteak beste, urriaren 30ean Iruñean Nafarroako Unibertsitatearen kontra egindakoa, eta irailaren 22an Santoñan Luis Conde militarra hil zuena. Iruñekoa bere gain hartzen du, baina ez du abisu deiari buruzko argitasunik ematen.

“Lizarra-Garaziko edukiei” heltzeko deia egin du E
2008ko azaroaren 5a
21:04
Entzun
Hamar atentatu hartu ditu bere gain ETAk azken agirian, uztailaren 29an hasi eta urriaren 30 bitarte egindako bederatzi eraso. Horien artean daude irailaren 21ean Ondarroan Ertzaintzaren aurka eta Gasteizen Vital kutxaren kontra bonba-autoz egindakoak -hainbat herritar arin zauritu ziren Ondarroan-, irailaren 22an Santoñan (Kantabria, Espainia) Espainiako Armadako egoitza baten kontra leherrarazitako bonba-autoa –Luis Conde militarra hil zen eztandak harrapatuta-, urriaren 4an Tolosako Epaitegiaren aurka egindakoa, eta urriaren 30ean Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko campusean zartarazitako bonba-autoa.

Azken horri dagokionez, erasoa bere gain hartzen du baina ez du Gasteizko DYAn jaso zuten abisu deiari buruzko argitasunik ematen. DYAko iturriek agertu zutenez, ETAren izenean deitu zuten “unibertsitateko campusean” bonba-auto bat jarri zutela ohartaraziz, baina ez zuten Iruñean zela zehaztu.

Nafarroako Unibertsitatea -Opus Deirena da- “Nafarroa frankistaren koadro berriak hezi eta belaunaldi berriak ziurtatzeko makina” besterik ez dela dio ETAk, eta, halaber, “Euskal Herriaren etsaia” dela.

Erasoak bere gain hartzeaz gain, hainbat gairi buruzko gogoeta plazaratu du erakunde armatuak agiriaren bidez. Besteak beste, Frantziak eta Espainiak Euskal Herriaren kontrako “apustu errepresiboan” urrats berria eman dituztela dio, eta horren adibidetzat jartzen ditu Ipar Euskal Herrian azken aldian egin dituzten sarekadak.

Nafarroari dagokionez, UPN eta PPren apurketaren arrazoia UPNk botereari eutsi nahi izatea dela iritzi dio ETAk, eta horretarako PSOE izango dela aliatu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan EAJri gauza bera egotzi dio, batetik: PSOErekin aliantza bila ibiltzea. Bestetik, “inboluzio politiko abertzalean” erortzea.

Gatazka amaitzeko gakoa Euskal Herriaren eskubideak aitortzea dela azpimarratu du ETAk, eta Lizarra-Garazik 10 urte bete dituela eta, hitzarmen haren edukietara itzultzea aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.