Ika-mika piztu da Lizarran (Nafarroa), Diario de Noticias de Navarra egunkariak argitaratutako albiste baten harira. Egunkariak adierazi zuen Lizarrako PSN oso haserre dagoela Navarra Sumako udal ordezkariekin, 2020ko aurrekontuen inguruan informaziorik ematen ez dietelako, besteak beste. Kontatu zuten Lizarrako PSNk bilera bat egin zuela bi aukeraren artean erabakitzeko: maiatzeko hauteskundeez geroztik Navarra Sumarekin duten akordioari eustea —Navarra Sumak gehiengo soilarekin gobernatzen du, baina PSNk hiru batzordetako presidentetza du—, ala Gonzalo Fuentes alkatearen aurkako zentsura mozioa «aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea». %70ek bigarrenaren alde bozkatu zuten. Alderdiak, ordea, ohar batean esan du ez duela horrelakorik egingo, «inolaz ere», eta Lizarrako «herriarekin duen konpromisoa» berretsi du.
Azkar zabaldu zen alderdiko militanteen asmoa, eta beste alderdietako ordezkariak hasiak ziren esaten haiek zentsura mozioa babesteko prest leudekeela. Koldo Leoz Lizarrako EH Bilduko bozeramaileak eta alkate ohiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean esan zuen sozialisten proposamenarekin bat egingo luketela, baina zalantza handiak zituela «Nafarroako zuzendaritzak Lizarrako sozialistei pausoa ematen utziko ote dieten». Izan ere, PSNk EH Bilduren eta Geroa Bairen botoak behar lituzke zentsura moziorako.
Giroa gaiztotu egin zen PSNk oharra zabaldu zuenerako. Ana Beltran PPNko presidenteak kritikatu egin zuen PSN: «Beste behin elkartu nahi izan dituzte nafarren bidea eta Bildu», adierazi zuen.
2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean osatu zituzten udalak Nafarroan. Lizarran, EH Bilduren legealdiaren ostean, Navarra Sumak hartu zuen alkatetza. Hura izan zen lehen indarra, zazpi zinegotzirekin. EH Bilduk sei ditu; PSNk, hiru; eta Geroa Baik, bakarra. PSNk erabaki zuen Jorge Crespo hautagaiaren alde egitea, eta, hala, modua eman zuen Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkate izateko. Sozialisten arabera, «aurrerapauso historikoa» eman zuten eurek gidatutako udal gobernua osatzeko, baina hori ez bada gertatzen «EH Bilduren errua» izango da.
Navarra Sumak gehiengo soila du, baina akordioa egin zuen PSNrekin, udaleko hamar batzordeetako presidenteak banatzeko: zazpi Navarra Sumarentzat eta hiru PSNrentzat.