19. KORRIKA

Lizarrerria zeharkatuko du ostiralean Korrikak, Arabarantz joan aurretik

Nafarroako Erriberako euskaltzaleen txanda izan da gaur. Bertan ibili da 19. Korrika egun osoan. Tuteran jende ugarik egin du lasterka. Tafallara iluntzean heldu da.

Hodei Iruretagoiena
2015eko martxoaren 26a
09:36
Entzun

Gero eta kilometro gutxiago geratzen zaizkio 19. Korrikari Urepeletik Bilborako ibilbidea osatzeko. Ostiralean, Lizarrerrian ibiliko da, eta larunbatean joko du Arabarantz, handik Bilbora jotzeko. Bihar, Irunberrin hasiko du eguna, eta goizaldean igaroko ditu, besteak beste, Nabaskoze eta Otsagi. 13:00 alderako espero dute lasterketa Urrotzen, eta Garesen, berriz, 17:39ean. 20:25ean izango da Lizarran, eta Izurzun amaituko du eguna.

Eguzkipean, Erriberan, aritu da Korrika. Goizaldean igaro ditu Lodosa, Andosilla, Milagro eta beste hainbat herri. Ez da jendetzarik batu, baina etenik gabekoa izanda da atxikimendua eman eta parte hartu duten euskaltzaleen jarduna. Ablitasen, Errigorakoek eta zenbait nekazarik hartu dute kilometroa; Sasoian erretiratuen elkarteko lagunek ere egin dute korri; eta Tuterako suhiltzaileek hainbat kilometrotan hartu dute parte.

[YouTube]https://youtu.be/2clTMiWIXR8[/YouTube]

Cascanten, berriz, ugaritu egin dira korrikalariak, hango eskoletako haurrek hartu baitute parte.

Eguerdian Tuteratik pasa da. Jendetza bildu da han. Argia ikastolako haurrek, esaterako, gogotsu egin dute lasterka: "Askotan sentitzen dute ikasleek bakarrik daudela. Ilusio handia egiten die Korrikak", azaldu du irakasleetako batek. Porrotx pailazoa izan dute bidelagun haurrek. 

Tuteratik, iparralderantz egin du Korrikak, arratsaldean Caparroso, Pitillas, Erriberri eta Tafalla igaro dituelarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.