Politika

Lizartzako alkateak hiru herritar auzitara eraman ditu

Udaletxean Espainiako bandera jarri ondoren haietako batek heriotz mehatxua egin ziola salatu du Regina Otaolak. EAE-ANVk haren "probokazioa" kritikatu du. Gaur Espainiako bandera estalita azaldu da udaletxean.

2007ko irailaren 8a
18:15
Entzun
Festak hasi bezain pronto, Espainiako bandera jarri zuen Regina Otaola (PP) Lizartzako (Gipuzkoa) alkateak atzo, herrian lehen aldiz. Horrek protestak eragin ditu han eta, Otaolak berak hiru herritar auzitara eraman ditu, haien kontrako salaketa sartu duelako Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian, batek Otaolari ustez heriotz mehatxua egiteagatik, beste batek kotxea kolpatzeagatik eta beste batek alkatearen kontrako pankarta bat eramateagatik. Epaiketa azkarren bidez, datorren astean bertan epaituko dituzte hirurak.

Maider Agirrebarrena EAE-ANVren ordezkariak Otaola "Lizartzara probokatzera besterik ez" dela joaten kritikatu du.

Gaur Espainiako bandera estalita azaldu da udaletxean, baita ikurrina eta herrikoa ere. Ezezagun batzuek pankarta handi bat jarri dute haien gainean, ikurrina bat margotuta eta Geurea leloa idatzita. (argazkia: Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza)

Goizean Olatola mezara joan da, ertzainez babestuta. Hainbat herritar protesta egitera joan da, eta ez da istilurik gertatu.

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANV izan zen alderdirik bozkatuena, baina Espainiako auzitegiek baliogabetua zuten. PP baino ez zen aurkeztu bozetan -EAJk ez aurkeztea erabaki zuen-, eta alkatetza lortu zuen. Lizartzako inor ez dago PPren udal taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.