Politika

Lizartzako auzia Madrilera eramatea eskatu dute fiskalak eta akusazio partikularrak

Herritar batek Tolosako Epaitegian deklaratu du gaur, Regina Otaola alkatea mehatxatu zuelakoan. Bihar erabakiko da azkenean epaiketa Tolosan edo Auzitegi Nazionalean egingo den.

2007ko irailaren 12a
15:50
Entzun
Regina Otaola Lizartzako (Gipuzkoa) alkateak (PP) Espainiako bandera eskegi zuen udaletxeko balkoian festen hasieran, herritarren protesten artean. Ekitaldi horren ondoren, alkateak salaketa jarri zuen hiru herritarren aurka, haietako batek hiltzeko mehatxua egin ziola argudiatuta.

Pello Olano inputatuak Tolosako (Gipuzkoa) Auzitegian deklaratu du gaur, Otaola mehatxatzea egotzita. Honek horrela aginduta Ertzaintzak identifikatu zuen Olano. Fiskalak 6-12 hilabete bitarteko espetxe zigorra eskatzeko asmoa du.

Otaolak berak lekuko gisa deklaratu du. Saioan fiskalak eta akusazio partikularrak (Otaolaren abokatuek) "terrorismo" delitua egon daitekeelakoan afera Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea eskatu dute. Defentsak, berriz, horrek "zentzurik ez" duela argudiatuz, eskaera atzera botatzeko eskaria egin du. Bihar erabakiko da azkenean epaiketa Tolosan edo Auzitegi Nazionalean egingo den. Bitartean, saioa etenda gelditu da. Datozen egunetan deklaratuko dute beste biek.

Espainiako Justiziak EAE-ANVren zerrenda baliogabetu ostean lortu zuen PPk alkatetza, 27 botorekin. Harrezkero, istilutsuak gertatzen ari dira Udalaren eta herritarren arteko harremanak.

Gaur ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du auzitegi atarian. Aitor Arantzabal Batasuneko kideak adierazi du PPk sortu dituela istilu guztiak, "etengabe ari baitira Lizartzara joan eta hango herritarrak iraintzen eta gutxiesten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.