Joan den urtarrilean, Gasteizko hainbat eragilek Lluis Llach musikari katalana Gasteizko seme kuttuna izendatzeko proposatu zion Gorka Urtaran Gasteizko alkateari. Musikariak 1976ko martxoaren 3ko gertakariak zirela-eta egindako Campanades a Morts kantarengatik eskerrak emateko egin zuten proposamena hainbat taldek. PP izan zen hasieran proposamenaren aurka egin zuen talde bakarra; gainerako taldeek, berriz, aldeko jarrera agertu zuten Bozeramaile Batzordean. Alabaina, PSEk gaur jakinarazi du ez duela aitorpenaren alde egingo. "Llachen lan artistikoa baloratzen dugu, eta martxoaren 3ko gertaera latzei obra bat dedikatu izana eskertzen diogu, baina uste dugu jarduneko politikari batek aitorpen hau jasotzea ez dela zentzuduna, ezta egokia ere", esan du PSEko bozeramaile Peio Lopez de Munainek– LLach Junts Pel Si alderdiko parlamentaria da egun–. Lopez de Munainen esanetan, Bozeramaie Batzordea egin eta biharamunean eman zion ezezkoa alkateari PSEk.
Horiek hala, gaia osoko bilkurara ez eramatea erabaki du alkateak, eta, aitortza egin beharrean, Gasteizko Udalak harrera egingo dio Llachi datorren martxoaren 1ean. Harrera martxoaren 3ko gertakarien 40. urtemugaren ospakizunen barruan egingo zaio. Izan ere, aurten lau hamarkada beteko dira Espainiako Poliziak bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituenetik Gasteizen.
Alkateari proposamena bideratu zion taldeak –Martxoaren 3ko biktimen elkartea dago tartean– gogor kritikatu du PSEren jarrera. "Harrigarria" iruditu zaio sozialistek iritziz aldatzea, eta PPren presioen ondorio izan dela ondorioztatu du. Taldeak ohar batean salatu du PSEk "aitzakia ideologikoak" erabili dituela LLachi aitorpena ukatzeko: hain justu, "militante independentista" izatea, eta, ondorioz, "sektarismo politikoaz" aritzea egotzi die sozialistei. Hala, Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta beste hainbat eragilek iragarri dute ekitaldi bat prestatuko dutela musikari katalanari "gertutasuna" agertzeko eta hark hiriarekiko agertutako "konpromisoa" eskertzeko.