Txirrinen eguna izan da. Iratzargailuen txirrinak ohetik altxatuko ditu ikasleak, oporraldi luzearen ondoren eskolara itzultzeko aginduz. Txirrinak ere jo du eskola gehienetan, geletara sartzeko aginduz. Baionako Oihana ikastolan usaian baino lehenago egin zuten sartzea, joan den ostegunean. Ikasleek ohitura berrien zirimola dastatu dute, eta lehen aldiz eskolarako bidea hartu duten haurren erostak edo negar hipakak irriño bihurtzen hasi dira egun. Ikastola gehienetan, ordea, guraso eta ama eskolako haurrentzako harrera antolatu dute. Solaserako eta elkar ezagutzeko aukera eman dute horrela, lehen estutasunak gainditzeko asmoz. Horiek hala, 17.000 ikaslek baino gehiagok bukatutzat eman dituzte oporrak, Horietako bi milak baino gehiagok, Seaskako ama eskola eta lehen mailan.
Eukene Martinez de Gereñu da Oihana ikastolako zuzendaria. Aurten 129 haur sartu dira ikastolara, 57 ama eskolan eta 72 lehen mailan. 130 baino gehiago izanen dira urtea bukatzeko. Irakasle lanpostuak 7,5 dira. «Azken hiru urteotan gora egin du ikasle kopuruak, bereziki ama eskolan». Kantina da aurtengo arazorik larrienetarikoa. Baionako Herriko Etxeak kantinen kudeaketa egiteko moldea aldatu du aurten, eta horrek bi arazo nagusi sortzen ditu. Batetik, egun horretan ikastolan janen duten ikasleen kopurua zehazteko eta, bertzetik, kantina ordaintzen laguntza publikoen kudeaketa. Baionako Herriko Etxeak hiriko ikasleen kantina xahutzeen parte bat ordaintzeko du, gurasoen diru sarreren arabera, baina ez hiritik at bizi diren haurrena.
Kantina kudeatzeko sistema informatikoa plantan dago baina horrek arazo ugari sortu ditu. «Arazo handiena kantina kudeatzeko zerbitzu berria izan da. Ehundik gora ikasle genituen bazkaltzeko kantinan, baina herriko etxearen zerrendetan 35 baino ez ziren ageri», dio zuzendariak. Informatika baztertu eta telefono deiak arazoak gainditu zituen. Azkenean guztiek jan zuten eta ongi.
Thierry Labatek hiru seme alaba ditu: bi Oihana ikastolan eta bat Xalbador ikastegian. Lehuntzera joan ziren bizitzera. Bi gurasoak langabezian daude orain eta egunero 9,52 euro ordaindu behar dituzte bi haurren kantinagatik. 160 euro hilabetean. «Eskola publikoko bertze gurasoek bezala, kantina ordaintzeko laguntza publikoa behar dugu ikastolako gurasoek».
Hezkuntza. Ikasturte hasiera
Loari kendua jakintzaz bete
Eskola batzuetan joan den astean egin bazuten ere, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko haur gehienek atzo hasi zituzten eskolak, eta ikasgelak irriz eta negar zotinez bete ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu