Hezkuntza

Lodosako Ibaialde ikastolaren 25. urteurreneko jaia elkartasunekoa izango da

Ikastetxea egoera ekonomiko zailean da baina horrek ez du zapuztuko mende laurdena betetzeak merezi duen ospakizuna. Otsailaren 5ean izango da, Sartagudan. Euskal Herriko kultur taldeek erakutsitako borondatea eta konpromisoa azpimarratu dituzte, eta herritarrei dei egin diete parte hartzera. 

2012ko urtarrilaren 26a
13:41
Entzun

Lodosako (Nafarroa) Ibaialde Ikastola egoera ekonomiko zailean iritsi da 25. urteurrenera. Diru eskasiak, ordea, ez du zapuztuko otsailaren 5an mende laurdena ospatzeko Sartagudan (Nafarroa) antolatu duten jaia. Egun hori ikastolari elkartasuna erakusteko eguna bilakatu nahi dute eta, horregatik, dei egin diete herritarrei bertan parte hartzera. Iraganeko bizipenak eta gaurko oztopoak batu egingo dira jai eta aldarrikapen kutsua izango duen egun horretan. 

Antolatzaileek Sartagudako Udalaren laguntza eskertu dute, festa aurrera ateratzeko emandako azpiegiturengatik. Esker honeko hitzak izan dituzte Euskal Herriko hainbat kultur talderentzat ere, laguntzeko deialdiari masiboki erantzun diotelako borodate eta konpromisoa erakutsiz. 

Mende laurdena borrokan

Mende laurden darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gaindituz eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Ibilbide luze eta korapilatsu hori ospatzeak merezi duelako, hainbat ekimen antolatu dituzte egun osorako.

Goizean omenaldi berezia egingo diete ikastolan izandako lehendabiziko bost ikasleei. Egun 74 ikasle daude, eta bederatzi irakaslek eta idazkari batek osatzen dute lan taldea. Irakasleak kezkatuta daude egoera ekonomikoaren ondorioekin. Guztiek murrizketa nabarmenak jasan dituzte soldatetan eta batzuek lau hilabete daramatzate ezer kobratu gabe. "Proiektuaren oso inplikatuta gaude, baina egoera ez da batere xamurra", azaldu du irakasle batek.

Aurrematrikulazioari begira ere kezkati agertu dira. Gurasoek izan ditzaketen zalantzak uxatu nahi dituzte, kalitatezko hezkuntza baten aldeko konpromisoa azpimarratuz. Ikastolen aldeko apustua egitera deitu dituzte gurasoak. 

Egitaraua

Goizetik Tolosako abesbatzak, pailazoek, herri kirolek eta dantzariek girotuko dute otsailaren 5eko. Eguerdian bazkaria egingo dute kiroldegian, eta ondoren bertso saioa eta Tximeleta taldearen dantzaldia izango dira. Gainera, egun osoan hainbat kontzertu egingo dituzte frontoian: Laket, Neu'e buruben, Norte Apache, Ze esatek!, Bizardunak eta Los Zopilotes txiriaos. Otartekoak, taloak eta Ibaialde ikastolaren aldeko materiala saltzeko txokoak ere egongo dira. 

'Euro bat, marrazki bat'

Elkartasuna eta laguntza emateko helburuz, Ikastolen Elkarteak Euro bat, marrazki bat egitasmoa antolatu du gaur. Hala, ikastoletako ikasle bakoitzak euro bateko ekarpena egin du Ibaialderen alde. Gainera, elkartasun keinu moduan, marrazkiak egingo dituzte Lodosako ikastolaren egoeraren larritasuna azaltzeko. 

Ekimen horren atzetik beste hainbat etorriko direla iragarri dute. Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko presidenteak esan du Lodosako ikastola ez dela itxiko, "gertatzen dena gertatzen dela ere". 

Kontu korronte bat jarri dute, nahi duenak ekarpena egin dezan: 3035 0153 46 1531026051

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.