Lodosako ikastola larri dago, eta Ikastolen Elkarteak dirua biltzeko kanpaina bat hasi du

Ostegunean hasiko da kanpaina ikastoletan, eta, hortik aurrera, edonork izango du dirua emateko aukera

Indo, Tellitu eta Mariñelarena, atzo, agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRES.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Muturreko gabezia ekonomikoan». Halaxe dago Lodosako Ibaialde ikastola (Nafarroa). Urte hauetan, Nafarroako ikastolak aritu dira hari laguntzen. «Isilean, lan handia egin da. Baina elkartasun kutxa amaitua dago», dio Pello Mariñelarenak, Nafarroako ikastolen zuzendariak. Egoeraren larritasuna ikusita, Ikastolen Elkarteak laguntza kanpaina bat jarri du abian. Ekimen horren lehen urratsa Ikastolen Elkarteak berak egingo du, ostegunean, Euro bat, marrazki bat egitasmoaren bidez. Egun horretan, ikastoletako ikasle bakoitzak euro bateko ekarpena egingo du Ibaialde ikastolaren alde. Gainera, elkartasun keinu moduan, marrazkiak egingo dituzte, Lodosako ikastolaren egoeraren larritasuna azalduz. Kontu korronte bat ere jarri dute, nahi duenak ekarpena egin dezan. «Erantzun aktibo eta eraginkor bat eman behar dugu, inposizio eta eragozpenen aurrean», nabarmendu du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Kanpaina atzo aurkeztu zuten, eta Mariñelarenarekin eta Telliturekin batera izan zen Seaskako lehendari Paxkal Indo. Ibaialdek Lodosa, Sartaguda eta inguruko herriei ematen die zerbitzua, eta 74 ikasle ditu. Egun, ikastetxea eraiki ahal izateko obren mailegua ordaintzen ari da: 70.000 euro urtean. Gainera, itundu gabeko bi ikasgelaren kostua hartu behar du bere gain. Urtero, 100.000 euro inguruko kostua dute bi ikasgela horiek. Horrek ataka zailean jartzen du.

Mariñelarenak argi du non dagoen Ibaialderen egoera ekonomikoaren jatorria: «Nafarroako Gobernuak ikastolei inposatutako finantzaketa ereduan dago arazoa. Itunak ez dira nahikoa gastu arruntari eusteko, eta defizita metatu egiten da. Hori gertatu zaio, zoritxarrez, Ibaialderi».

Orain arte, gainera, Eusko Jaurlaritzatik eta Espainiako Gobernutik ere jasotzen zituzten laguntzak. «Gaur egun, ordea, amaitu dira jatorri horretako ekarpenak. Elkartasunaren bidea geratzen da soil-soilik», azaldu du Mariñelarenak.

Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin oso kritiko da Tellitu. «Nafarroan, familia asko daude ikastolen aldeko hautua egiteko prest. Foru administrazioak, ordea, oztopatu egin nahi du joera hori. Horregatik ukatzen die ikastolei finantzaketa egokia». Hori «diskriminazioa»dela salatu du. «Lurraldeko inguru batzuetan euskaraz hezteko bidea ematen du, eta beste batzuetan, berriz, ukatu egin du. Izan ere, ikastolak dira aukera hori eskaintzen duten bakarrak. Gurasoek seme-alaben ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea ere urratzen du Nafarroako Gobernuak. Hori oso larria da».

Hori dela eta, erantzun «baikor, eraginkor eta aktibo bat» emateko beharra defendatu du Tellituk. «Arazoak dituzten ikastoletakoek jakin behar dute guk eskainiko diegula behar duten elkartasuna eta arreta. Seme-alabak ikastetxe horietara eramaten dituzten gurasoen ahaleginari esker mantentzen da han gure hizkuntza». Ikastola horien lana ere aitortu dute.

Aurrematrikulazio kanpaina

Datorren astean hasiko da 0 eta 3 urte bitarteko haurren aurrematrikulazio kanpaina Hegoaldean. Urtarrilaren 30etik otsailaren 10era izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta otsailaren 6tik 13ra Nafarroan. Ikastolek Konfiantzan, Ikastola hartu dute kanpainarako lelo moduan. Ikastolen aldeko apustua egitera deitu dituzte gurasoak. «Krisi eta nora ez garai honetan ziurtasunaren alde egin dezatela, kalitate kontrastatuaren alde, ikastolen sendotasunaren alde», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.