Zazpi egunetan Euskal Herriko zazpi herrialdeak bizikletaz zeharkatzeko asmoz hasi du bidea Bertsokleta bizikleta martxak. Nafarroako Euskararen Legearen ondorio larriez ohartaraztea dute helburu partaideek, eta horregatik abiatu dira Lodosatik, euskarari lege babesa ukatzen zaion eremutik.
Bertsolaritzari atxikitako zazpi egun izango dira bizikleta martxakoak; gaur geldialdi bat Lizarran egin dute, bertan bertso-poteo batean parte hartzeko, eta iluntze partean, Agurainen (Araba), hori bera egiteko asmoa dute. Gainerako egunetan ere, bertso eskolaz bertso eskola ibiliko dira. Datorren ostiralean izango da azken etapa, Iruñean.