EUSKAL HERRIA

Loiolako basilika beteta, eta ataria ere bai

Urteroko prozesioa egin dute gaur Loiolako basilikara. Kanpoan, Etxeratek deitutako elkarretaratzeak jende asko bildu du.

2011ko abuztuaren 1a
17:06
Entzun

Gaurko egunez Loiolako basilikara egin ohi duten prozesioak aurpegi ezagunak bildu ditu aurten ere; besteak beste, bertan izan dira Isabel Zelaa hezkuntza sailburua, Eneko Etxeberria alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia. Azken bi hauek ez dira basilikara sartu.

Atarian, urteroko legez, Etxerat plataformak deitutako elkarretaratzea egin dute, eta jende asko bildu da. Eneko Etxeberria alkateak eta Garitano ahaldun nagusik nahiago izan dute kanpoan geratu, eta atarian elkartuta zeudekin bat egin. Elkarretaratzean zeudenek txaloka hartu dituzte euren artean.

Eliza barruan gainerakoak mezan zeuden bitartean, Etxeraten izenean Izaskun Abaigarrek testu bat irakurri du,  "Parot doktrina" kendu behar dela eskatu du; presoen eskubideak aldarrikatuz. Eskubide urraketa horiek salatuz hain zuzen, asteburu honetan senideak bisitatzera joanda gertatu den istripua hartu du gogoan, eta "erruleta errusiar hau" bukatu egin behar dela azpimarratu du.

Garitanok ere hartu du hitz batzuk esateko tartea, eta sufrimenduak amaierarik ez duela gogorarazi du. Etxeratekoek bezalaxe senideak ekarri ditu hizpidera, eta gero "bizi osorako espetxe zigorra" bertan behera uzteko eskatu du, "gaixo dauden presoak" kaleratu ditzaten. Argi adierazi du bere nahia: "Garai berrietan egon arren, sektore zabal bat legez kanpo dago oraindik, eta horrek amaitu egin behar du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.