Auzitegi Nazionalak atzo Loiolan atxilotutako bost gazteak espetxeratzeko agindu du. Gaur goizean eraman dituzte Madrilera, Zarautzeko ertzain etxetik, eta han adierazi dute atxiloaldi honetan tratu zuzena jaso dutela. Gaurko saioa hasi aurretik, bosten egoeraz mintzatu dira Auzitegi Nazionalean.
Kartzela zigorra eskatu du fiskalak; defentsak, berriz, aske uzteko: "Egin zuten bakarra da protesta ekintza bat, publikoa eta baketsua". Arrazoitu du epaimahaiak bazuela Loiolakoaren berri, iragarria zegoelako, eta akusazioak ukatu dituztela. Angela Murillo epaileak esan du epaimahaiak ez zuela protestaren berri, eta berdin zaiola, gazteak ez zirela auzitegira aurkeztu.
Beraz, gaurko saioa amaitu ostean espetxeratu egingo dituzte Jazint Ramirez, Imanol Salinas, Xabier Arina, Irati Tobar eta Igazki Robles. Arratsaldeko saioa 15:45ean hasi da, baina ordu erdiz atzeratu da. Beste sei gaztek deklaratu behar zuten.
Gazteak soilik defentsaren galderei erantzun dizkiete. Gaur ere auzipetuen testigantza latzak entzuten ari dira. Arratsaldean Ikoitz Arrese izan da deklaratzen lehena. Jasotako tratua eta mehatxuak gogoratu ditu:
Arrese: "[Bidaian] Ezin nuen ezer ikusi; zorabiatu egiten nintzen, eta jo egiten ninduten lorik ez hartzeko" #28akEreLibre@berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 23, 2014
"Polizia batek pistola bat atera zuen, buruan jarri zidan". "Kargatu egin zuen, eta gainbehera etorri nintzen" #28akEreLibre@berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 23, 2014
Goizeko saioa atzerapenarekin hasi da, 10:50 aldera —10:00etan zen hastekoa—. Horretan ere torturak salatu dituzte, atzo deklaratu zuten zortzietatik zazpik egin zuten moduan. Imanol Beristainek, Ruben Villak, Xabat Moranek eta Ainara Ladronek deklaratu dute goizean.
Moran: "Jada ez nuen minik ere sentitzen, ez nuen ezer sentitzen". Deklarazioa sinatu ondoren ere jarraitu zuten #28akEreLibre@berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 23, 2014
Ladron: "Hankak irekitzen hasi zitzaizkidan. Ez nien uzten, baina une batean ezin nuen gehiago" @berria#28akEreLIBRE
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 23, 2014
Fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuentzat. Horretarako dituen froga bakarrak, ordea, "kamiseta bat, pegatinak, eskuorriren bat, txapak...", Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariak Twitterren kontatu duenez. Auzipetuek, atzo beste zortzik egin zuten moduan, ETAko kide zirenik ukatu dute.
Ladron: "Ni ez naiz inoiz izan 'erakunde terrorista' batekoa. Nire herriaren askapen nazional eta sozialaren alde aritu naiz" @berria
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 23, 2014