politika

'Loiolako hegiak' Katalunian azaltzen

Imanol Murua Uria liburuaren egileari gaur TV3k elkarrizketa egin dio, arratsaldean Kazetarien Kolegioan mintzatu da, bihar Carod Rovira Generalitateko presidenteordeak hartuko du eta Unibertsitate Autonomoan ariko da. Kazetariak martxoan aurkeztu zuen 2006ko udazkenean PSE, Batasuna eta EAJk izandako negoziazio politikoei buruzko lana.

2010eko urriaren 6a
22:45
Entzun
Imanol Murua Uria kazetaria (Zarautz, 1966) Katalunian dago gaurtik, Loiolako hegiak liburua azaltzen. Goizean TV3 Kataluniako telebista publikoan elkarrizketa egin diote, Els matins saio entzutetsuan. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere izan da programan, eta biek Euskal Herriko egoera politikoa ere aztertu dute. Murua Uriak gaur hedabideekin beste bost elkarrizketa izan ditu, eta 19:00etan Kazetarien Kolegioan hitzaldia eman du, Bartzelonan -Otamendi ere aritu da-.

Bihar Josep Lluis Carod Rovira Generalitateko presidenteordeak bere bulegoan hartuko du Loiolako hegiak-en egilea, Bartzelonan, elkarrekin gosaltzeko. 12:00etan, berriz, Unibertsitate Autonomoan ariko da, Bartzelonan bertan, eta gutxienez beste bi elkarrizketa izango ditu komunikabideekin.

2006ko elkarrizketa politikoen berri

Batik bat, 2006ko udazkenean Azpeitiko Loiola auzoan PSE-EE, Batasuna eta EAJren artean izandako negoziazio politikoak jasotzen dira liburuan. PSE-EEtik Rodolfo Ares sozialisten orduko antolakuntza idazkaria eta Jesus Egiguren presidentea -behin horren partez Jose Antonio Pastor- izan ziren Loiolako mahaian. Batasunetik: Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi Mahai Nazionaleko orduko bozeramailea eta Olatz Dañobeitia -honen ordez Arantza Santesteban gero-. EAJtik: Josu Jon Imaz Euzkadi Buru Batzarreko orduko presidentea eta Iñigo Urkullu garaiko Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakaria. Murua Uriak liburuan Urkullu, Egiguren eta Otegirekin egindako elkarrizketetako adierazpenak ere jasotzen ditu.

PSE, Batasuna eta EAJk hamabi bilera sekretu egin zituzten Loiolan irailaren 20tik azaroaren 15era artean, Arrupe Etxean. Helburua: euskal gatazka politikoa konponbidean jartzea. Loiolan bost korapilo askatu behar zituzten: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear izan ziren.

Kazetariak aurtengo martxoaren 10ean aurkeztu zuen Loiolako hegiak (argitaletxeak: Elkar eta BERRIA. Liburua erosteko hemen). Uztailean aurkeztu zuen gaztelerazko bertsioa (Ttarttalo).

Ibilbide luzea kazetaritzan

Murua Uriak Argia eta Jakin aldizkarietan eta Egunkaria, Egunero eta BERRIA egunkarietan egin du lan. Orain lan utzialdian dago BERRIAn; dena dela, astero analisi politikoa idazten du.

Aipatutako liburua ez ezik, beste hainbat ere idatzi ditu: Su etena Belfasten (1996, Susa; Humberto Unzuetarekin idatzi zuen), Palestina zauritua (1998, Susa), Geronimo (1999, Elkar), Jesus Atxa Agirre (2008, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza), Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai (2009, Euskaltzaindia; Joan Mari Torrealdairekin) eta Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa (2009, Manu Robles-Arangiz Institutua).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.