Espainiako armada

Loiolako kuartela Zubietara eramateko, berria Donostiak egiteko eskatu du Madrilek

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du "zaila" izango dela Espainiako Gobernuaren baldintza betetzea, kostua "oso handia" litzatekeelako. Elkarrizketekin jarraituko dute Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak.

Loiolako kuartel militarraren eta Zubietan berria eraikizearen kontrako protesta, joan den igandean, Donostian, Loiolako kuartelaren parean.
2018ko azaroaren 27a
14:54
Entzun

Madrilen bildu dira Eneko Goia Donostiako alkatea eta Margarita Robles Espainiako Barne ministroa, gaur goizean. Ordu bete inguru iraun du bilerak. Haren ostean, Goiak adierazi du "zaila" izango dela Espainiako Gobernuak Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzeko ezarri dituen baldintzak betetzea.

Goiak azaldu duenez, Madrilek Donostiako Udalaren bizkar utzi nahi du kuartel berria erakitzearen kostua, eta azpiegiturarentzako lursaila ere Donostiako Udalak jarri beharko luke. Horrez gain, Zubietan eraikiko litzatekeen kuartela egun Loiolan dagoenaren "baliokidea" izan beharko litzatekeela adierazi du Espainiako Gobernuak, Goiaren esanetan. Horrek "kostu oso altua" izango lukeela ohartarazi du. Madrilen eskakizunak aztertuta, Loiolako kuartela tokiz aldatzeko itxaropen faltsurik ez duela sortu nahi gaineratu du Goiak.

Donostiako Udalak kuartela Zubietara lekualdatzeko lursail bat eskaini zion Espainiako Gobernuari. Eremu berean espetxe bat eraikitzeko proiektua du Madrilek eta erraustegi bat eraikitzen ari da Gipuzkoako aldundia.

Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak elkarrizketekin jarraitzeko borondatea agertu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.