Oso litekeena da PSE-EEk eta PPk akordioa egitea Eusko Jaurlaritzara begira eta, hori dela kausa, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea "kezkatuta" agertu da, PPk balizko bake eta konponbide politiko prozesu berri bati begira eragin desegokia izan dezakeelakoan.
"Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina guztian 'elkarrizketa eta akordio eza' eredua defenditu du PPk; hots, Hauteskunde hauetan euskal gizarteak sostengatu duen ereduaren kontra. Areago, PPren orain dela gutxiko ibilbidea, bereziki Aznar [Espainiako] Gobernuan zela, ETAren eta nazionalismoaren kontra 'guztiak balio du' estrategian oinarritu da, azken bake prozesua oztopatu du, politika judizializatu du, elkarrizketa kriminalizatu, biktimak erabili ditu, etab. PPren proiektuak ez du xede gizarte bezala batzen gaituena bilatzea. Soilik garaipena lortzean datza bere estrategia", adierazi du gaur ohar baten bidez Lokarrik.
Horretaz gain, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) herri plataformak eta Askatasuna alderdi politikoak ofizialki ezin parte hartu izana ere kezkagarria da harentzat -Espainiako Justiziak baliogabetu egin zituen D3M eta Askatasuna-. Hala, "gaizki hasi da legegintzaldia", esan du Lokarrik. "Gure errealitate sozialaren argazkia ez da behar bezain ordezkatua egongo, D3Mri bozka eman zioten ia 100.000 pertsonei dagozkien ordezkariak falta direlako. Pertsona horiek existitzen jarraitzen dute, badituzte euren proiektuak, helburuak eta pentsaera, aukerarik izan ez badute ere eskainuak hautatzeko euren bozken bidez. Aintzat hartu beharrezko alderdi soziala osatzen dute eta jarduera politikoan gainerako alderdi politikoen aukera berdintasunean parte hartzeko aukera eduki behar dute".
Martxoaren 1eko emaitzak baloratu ondotik, Lokarrik dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan botoa eman dutenen artean, %91 direla "argi eta garbi indarkeriaren amaiera" defenditzen duten alderdiak, %56 Espainiako Alderdien Legea indargabetzea eskatzen dutenak, %85 elkarrizketa defenditzen dutenak eta akordio politiko berri bat lortzea nahi dutenak, %56 erabakitzeko eskubidearen alde daudenak. "Erabat eztabaidaezinak dira datu horiek".
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Lokarri "kezkatuta" dago PPk bake prozesura begira izan dezakeen eraginagatik
Martxoaren 1eko emaitzak baloratuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartea indarkeriaren eta Alderdien Legearen aurkakoa, eta elkarrizketaren, akordio politiko berriaren eta erabaki eskubidearen aldekoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu