Aieteko Adierazpenarekiko ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko asmoz, Lokarri herritar sareko kide eta kolaboratzaileak berriz ere kalera aterako dira asteburu honetan, "bake prozesuaren errotzea bultzatzeko" sinadurak biltzera.
Iazko urriaren 17an izan zen Donostiako Nazioarteko Konferentzia, eta han onartu zuten Aieteko Adierazpena nazioarteko buruzagi batzuek.
Honako herrietan banatuko dute informazioa asteburuan, ahalik eta sinadura gehien lortzeko asmoz:
- Maiatzak 26, Gasteiz, 11.30etik aurrera, Loma Generalaren plazan eta Ziudadela plazan.
- Maiatzak 26, Donostia, 11.30etik aurrera, Bulebarreko kioskoan, Bretxan, San Martinen eta Gipuzkoa plazan.
- Maiatzak 26, Hondarribia, 11.30etik aurrera, San Pedro kalean.
- Maiatzak 27, Hernani, 12.00etatik aurrera, Plaza Berrin.
Lokarritik gaur berretsi dutenez, nazioartearen parte hartzeari —Aieteko Adierazpenarekin bat egin zuten lagunen bidez ordezkatuta— gizartearen sostengua batuz gero, "bake justu eta iraunkorra sendoki bultzatu" egingo da.
Milaka herritarren babesa jaso du kanpainak jada, www.aiete.org webgunearen bitartez. Aieteko Adierazpenari babesa emateko, sare sozialen bitartez zabaltzea proposatu dute, eta ordezkari politikoei pausoak eman ditzaten eskatzeko aukera ere badago —posta elektronikoz, edo Twitter bidez—.
Aieteko Nazioarteko Konferentzia izeneko liburu bat ere argitaratu du Lokarrik.
Aieteko Adierazpenaren eskaera nagusiak
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak plazaratu zuten Aieteko Adierazpena.
- Armak betiko uzteko eskatu zioten ETAri, eta elkarrizketarako deia egiteko Frantziako eta Espainiako gobernuei, "soilik gatazka armatuaren ondorioez aritzeko".
- ETAk adierazpena egingo balu —eta egin zuen—, baiezkoa eman eta elkarrizketak zabaltzeko deia egin zieten Espainiari eta Frantziari.
- Eragile ez-bortxatzaile eta ordezkari politikoak biltzea eta herritarrei kontsultatzea iradoki zuten, aro berri bat sortze aldera.