Lokarri herritar sarearen arabera, azken bi urteetan Mexikon, Uruguain, Argentinan eta Ekuadorren Euskal Herriko bake prozesuak jasotako babesak adierazten du "euskal gizartea ez dagoela bakarrik bakearen aldeko lanean". Herrialde haietako "laurehun lagun entzutetsuk" eman dute atxikimendua: gobernuburu ohi eta bestelako agintari ohiek, ordezkari politikoek eta gizarte zibileko jende ezagunek. Lokarri babes haiek jasotzeko lanean aritu da, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin batera.
Atxikimenduetan lortutako "aniztasuna" nabarmendu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Bilbon emandako prentsaurrekoan. "Izan ere, oso esparru eta joera politiko desberdineko pertsonak batu dira, eta frogatu da ideologien aberastasun batetik badagoela elkartasuna eta zeharkako babesa". Gobernuburu ohi askok euren herrialdeetan bake prozesuak kudeatu izana ere azpimarratu du Lokarrik.
"Euskal prozesuari emandako babesen kalitate eta kopuru hau berria da gure azken urteetako historian. ETAren indarkeriaren bukaerak eta Sorturen legeztatzeak eragin duten agertoki berriak pertsona eta erakunde askoren ateak irekitzea ahalbidetu du", esan du Riosek.
Lokarrik dio nazioarteak "elkarrizketa bultzatzeko mezua argia" igorri duela Euskal Herriko bake prozesuari begira, "ezberdintasunak era baketsu eta demokratikoan kudeatzeko eta, are gehiago, indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten gizarteetan —gurean, kasurako—, bizikidetza berreraikitzeko".
Herritar sareak salatu du Espainiako Gobernuak uko egiten diola ETArekin harremanetan jartzeari armagabetzearen prozesua kudeatzeko, eta deitoratu du alderdi politikoak oraindik ez direla gai izan legebiltzarreko batzorde batean hitz egiteko.