politika

Lokarrik dio "berradiskidetzarako egoera berria sortu" beharko dela

Herritar sareak hamar erronka aurkeztu ditu. "Helburua 50 urte hauetako giza eskubideen urraketa guztiak aitortzea da eta egun giza eskubide denak errespetatzea da".

2012ko otsailaren 22a
13:49
Entzun

Lokarri herritar sarearen arabera, "egungo bake prozesuan" hiru prozesu desberdin daude: indarkeriaren behin betiko amaiera ziurtatzeko prozesua, elkarrizketa politikoarena eta gizartea berradiskidetzearena. "Bakoitzak bere ezaugarriak, subjektuak eta garapen ereduak ditu", Lokarrik dioenez, eta berak berradiskidetzerako hamar erronka aurkeztu ditu gaur, lehentasunen artean baitu egiteko hori.

"Gizartea berradiskidetzeko prozesua zauriak sendatzera bideratuta dago eta, era berean, behar bezalako oinarriak jarri nahi dira, aurrerantzean horrelako indarkeria urterik ez izateko, giza eskubideak ez urratzeko eta kanporaketarik ez izateko", esan du Lokarrik gaur, prentsaurreko batean. "Iraganean gertatu denari dagokionez, helburua da azken 50 urte hauetan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak aitortzea. Orainari dagokionez, helburua integratzea da. Hau da, egoera berria sortu beharra dago, giza eskubide guztiak errespetatzeko eta sufrimendu esparruak ezabatzeko. Azkenik, etorkizunari begira, gizartea berradiskidetzeko prozesua garatuko bada, oinarriak jarri beharko dira, berriz ere gatazkaren kudeaketa hondagarririk gerta ez dadin".

'Hamar erronka berradiskidetzarako'

- Egia. Kontatu eta argitu egin behar da azken urteotan gertatu denari buruzko egia guztia.

- Memoria. Gizarteak, bai eta gizartea ordezkatzen duten erakundeek ere, gertatutakoa ez ahazteko betebeharra dute, bai eta Giza Eskubideetan izandako urraketa guztien memoria gordetzeko betebeharra ere.

- Biktimen aitorpena. Oinarrizko Giza Eskubideak urratu dizkieten pertsona guztiek neurri berean dute aitortza eta ordaina jasotzeko eskubidea, inolako desberdintasunik gabe eta inolako bazterketarik gabe.

- Eragindako kaltea aitortzea. Beharrezkoa da iraganean Giza Eskubideen urraketan izandako erantzukizunari buruzko autokritika kolektibo bat egitea .

- Gizarte ekarpena. Erakundeek, gizarteak eta komunikabideek, oro har, bere esku daukate gizartea berradiskitzeko behar diren neurriak hartzea. Eragile aktiboak izan behar dute erronka horretan.

- Gizatiartzea. Berradiskidetzea gauzatuko bada, Giza Eskubide guztiak eta oinarrizko askatasun demokratiko guztiak errespetatzeko moduko esparru bat sortu behar da.

- Kultura politiko berria. Kultura politiko nagusia errotik aldatu behar dugu, zatiketa eragiten duen hizkuntza alde batera utziz eta errespetuan oinarritutako harreman politikorako esparru bat adostuz.

- Ez errepikatzeko konpromisoa. Etorkizuneko bizikidetzak Giza Eskubideen urraketarik ez errepikatzeko konpromisoa behar du; konpromiso argi, zehatz eta tinkoa, hain zuzen ere.

- Metodo baketsua eta demokratikoa. Etorkizunari begira, metodo baketsu eta demokratiko bat zehaztu beharra dago, desberdintasun politikoei irtenbide berriak bilatzeko.

- Bakearen kultura. Laburbilduz, gizartea berradiskidetuko bada, euskal gizartean bakearen aldeko kultura garatu beharra dago, betiere giza duintasunaren errespetuan, aniztasunean, berdintasunean, elkarrizketan eta parte-hartzean oinarriturik.

Abenduko topaketaren emaitza

Iazko abenduaren 17an, Lokarrik herritarren arteko topaketa bat egin zuen Barakaldon, BECen, gizartea berradiskidetzeari buruzko gaia aztertzeko. Gizarte eta politika sektore askotako jendea bildu nahi izan zuen, proposamenak elkarren artean banatzeko. Jardunaldi emaitza da gaur aurkeztu duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.