Fokua aldatu beharraz ohartarazi du Lokarrik Bilboko egoitzan egindako agerraldian. Herritar sareak uste du adostasun zabalik ezean bake prozesua bertan behera geratzeko arriskua dagoela.
"Indarkeriaren amaiera bermatzeko prozesuan aurrerapausurik egin ez delako, espetxe politikan aldaketarik ez, eta alderdien arteko elkarrizketa eta adostasunerako espaziorik ez da sortu", azaldu du.
"Bake prozesuaren fokua aldatu behar da. Fokua gobernuengandik eta ETArengandik kendu behar dugu", adierazi du Lokarrik, "ostera blokeo egoeran aurkituko gara". Bake prozesuaren protagonista euskal gizartea izan behar duela nabarmendu du.
Lokarriren esanetan Espainiako Gobernuak kontaktuak zabaldu behar ditu, "ETArekin, ez ETAri ezer zor diolako, baizik eta euskal gizarteak indarkeriaren amaieraren atzeraezintasuna bermatzea nahi duelako". Era berean, ETAk desarmerantz joan behar duela dio Lokarrik. ,
Alderdi politikoek dei egin die elkarrizketa eta akordio prozesuak abiaraztera, "ETAk ala Gobernuak zer egiten duten itxoin gabe".
Bost puntuko adostasun zabala
Bake prozesua errotzeko bidean, alderdi politikoek eta gizarteak adostu beharreko bost puntu garrantzitsu azpimarratu ditu Lokarrik:
- Indarkeria errefusatzea.
- ETA eta Gobernuaren arteko kontaktuak hasteari babesa, soilik indarkeriaren behin betiko amaiera bermatzeko.
- Presoen sakabanaketaren amaiera.
- Indarkeriaren biktima guztien aitortza eta urte hauetan gertatutakoaren memoria gordetzeko konpromezua.
- Elkarrizketaren aldeko apostua bizikidetza artikulatzeko.
Herritar sareak gogorarazi du badaudela bake prozesuari heltzeko oinarriak. "Funtsean, jarrerak ez daude hain urrun. Borondatea besterik ez da behar, bai eta urte batzuk lehenago etsaitzat izandako horrengandik hain gertu sentitzeak sortutako bertigoa eta mesfidantzak gainditzea ere", azaldu du.