Lokarri herritar sareak dio Euskal Herriko "bake prozesuaren" pertzeptzioa oso ona dela euskal gizartean. Bake prozesuaren Behatoki Sozialak gaur kaleratu du hamabigarren txostena eta bertan galdeketa erantzun duten 1.170 pertsonek prozesuaz duten pertzepzioa aztertzen da.
Emaitzen arabera, 7,76koa da gaurko egoerari ematen dioten batez besteko nota. Gainera, hamar lagunetik bederatzik ontzat jo dute prozesuaren egoera eta duela urtebete baino hobea dela pentsatzen dute.
Galdetegiari erantzun diotenen %94k diote prozesuaren egoera ona dela. %95en ustetan, orain urtebete baino aukera handiagoa dago bakea lortzeko eta %80ren ustez, berriz, egungo agertokian betetzen dira bake prozesu berri bat abian jartzeko baldintzak.
Jendeak pentsatzen du ETAren aldebakarreko adierazpena behin betikoa dela, eta badituela hiru berme: nazioarteak indarkeriarik gabeko agertokiari emandako babesa —Aieteko Nazioarteko Konferentzian agerian gelditu zen bezala—, euskal gizarteak indarkeria erabiltzeari agertu dion arbuioa eta legez kanpoko ezker abertzaleak bakebideen alde egindako apustua.
Gabeziarik aipatzen dira txostenean. Batik bat: elkarrizketa erabakitzailea irekitzea, normalizaziora eta bizikidetzara jotzeko premiazko pausoak eman beharra eta bake kultura sustatzea. Espainiako eta Frantziako gobernuen borondate falta azpimarratu dute askok, eta bake prozesuaren izaera konplexua dela ere badiote.
Sentimenduez ere hitz egiten du txostenak. %80 itxaropentsu sentitzen dira ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman ondoren, %40 ilusioz eta %15 zuhur. Zuhurrago agertzen diren horiek aitortzen dute amaieraren hasieran gaudela, inoiz bizi izan ez dugun unean, eta prozesuak ez duela itzulbiderik.
Epe laburrean eman beharreko pausoen artean, ETAren eta gobernuen arteko elkarrizketa aipatzen da, euskal presoekin lotutako arazoak konpontzeko, baita elkarbizitzaren, eragindako zaurien eta biktimen inguruko akordioak sustatzeko ere.
Txostenean bakean eta bizikidetzan zer esana duten lau lagunen gogoetak ere bildu dituzte: Pierre Hazan, Carlos Martin Beristain, Gabriel Otalora eta Mirentxu Purroyenak.