Lokarriren Bake Prozesuaren Behatokiak txalotu egin du Patxi Lopez lehendakariak bakegintzari buruzko elkarrizketa diskretuak hasteko agertutako asmoa.Hala ere, elkarrizketa horretan are gehiago sakontzeko eskatu diote Lopezi, honako arlo hauetan: akordioak bilatuz, ezker abertzalea elkarrizketa sailera gehituz eta gizarteari informazioa emanez. «Elkarbizitza denon artean eraikitzea bada helburua, kontuan hartu behar da Batasuna ere partaide dela gizarte honetan. Ez dago eragozpenik Batasuna elkarrizketa honetan gehitzeko, areago elkarrizketa diskrezioz egiten bada». Manu Vilabrille eta Aitziber Blancok eman zuten azken txostenaren berri, atzo, Donostian.
Euskal gizarteak bake prozesuaren inguruan duen pertzepzioak «180 graduko iraulia» eman du azken hilabeteotan, Lokarriren Behatokiak egindako udako txostenaren arabera. Ezker abertzaleak emandako pausoak, ETAren atentaturik ez egoteak, Bruselako Adierazpenaren bidez etorri den nazioarteko euskarriak eta «desberdinen arteko lankidetza esparru berriak» finkatu izanak «itxaropena» piztu dute herritarren artean. Haatik, bake aukera gauzatu dadin ETAk «aldebakarreko» su-eten «iraunkorra eta egiaztagarria» ematea eta Eusko Jaurlaritzak alderdi politiko guztiekin elkarrizketa sustatzea ezinbestekoa dela uste du Lokarrik. Galdekatutako 984 herritarrek Lokarriren galdetegiari erantzun dizkiotenak aintzat hartuta ondorioztatu du hori Akordioaren eta Kontsultaren aldeko herritarren sareak: «Bruselako Adierazpenari kasu egin behar dio ETAk, eta elkarrizketarako bideak ireki behar ditu gobernuak».
Lokarriren txostenaren arabera, gaur egun duela urtebete baino itxaropen handiagoa pizten du bake aukerak, baina oraindik herritarren artean «zuhurtasuna» eta «mesfidantza apur bat» nabari dira. ETAk behin betiko urratsak egitea eta gobernuak elkarrizketa bideak irekitzea funtsezkoa da «etorkizuneko aukerak» irekitzeko, txostenak dioenez. Hala, uste du ETAk irailean kaleratutako agiriekin «hein batean baino» ez diola erantzun Bruselako Adierazpenean jasotako eskariari, eta, beraz, adierazpen horren eskaerak gaur-gaurkoz «indarrean dirau». Horrenbestez, su-eten aldebakarrekoa, iraunkorra eta egiaztagarria ematea galdegin dio erakundearmatuari, «horrela bakarrik egiaztatuko delako prozesua itzulerarik gabekoa dela».
Legeztatzea
Horrekin batera,gobernuei ere mintzatu zaie Lokarri, gauzak «erraztu» eta bake bidean «gidaritza» har dezaten eskatuz. Batetik, Batasunaren legeztatzea errazteko behar adina pauso ematea galdegin die, «indar politiko guztiek baldintza berberetan, gardentasunez eta era publikoan konponbide prozesu batean parte har dezaten». Bestetik, ekimena hartu eta indar politiko guztiekin hitz egin beharko lukete, «inor bazterrean utzi gabe». Uste dute Jaurlaritzak pentsaera politiko guztiak bakegintzari eta normalizazio politikoari buruzko akordio zabal batean gehitzeko konpromisoa hartu behar duela.
Lokarriren Behatokiak esan du Lopezek Batasuna gehitu behar duela elkarrizketetara
Bake prozesuaren inguruan gizarteak duen pertzepzioa askoz ere baikorragoa da duela urtebete baino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu