Lokarrik gaur jakinarazi duenez, abenduaren 14ean Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko burua Euskal Herrian izango da erakunde horrek Donostian antolatu duen Naziarteko Mintegian parte hartzeko. Kursaalean egingo da mintegia, egun osoz, Elkarrizketa eta Bizikidetza ardatz hartuta.
Bake eta elkarbizitza prozesuetan elkarrizketak duen garrantziaz hausnartuko dute, eta Ipar Irlandako, Hego Afrikako, Israel eta Palestinako, Kolonbiako eta Euskal Herriko kasuak aztertuko dituzte. Goizean mintegi itxia izango da, eta gizarte erakunde, alderdi, sindikatu eta kultura eta unibertsitate munduko hainbat pertsonek parte hartuko dute.
Arratsaldeko saioa, berriz, irekia izango da. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak irekiko dute saio hori. Lehen hitzaldian Currinek berak eta Alberto Spektorowski Zientzia Politikoko irakaslea ariko dira, eta gero Brendan Mackin Ipar Irlandako sindikalista, Carlos Martin Beristain Psikologia doktorea eta Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendaria.