Euskadiko Eskola Kontseiluak Hezkuntza Euskadin 2012-13 urteroko txostena plazaratu du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren egoera aztertu eta zenbait aholku, proposamen eta eskaera egiteaz gain, LOMCE legearen inguruko aipamen bat ere egin du. Legea “erabat” gaitzesteaz aparte, “legearen ezarpena EAEko hezkuntza sisteman azken hamarkadetan izan den aurrerapenerako eragozpen handia” izango litzatekeelakoan.
Hainbat kezka agertu ditu Euskadiko Eskola Kontseiluak txostenean. Esaterako, ikasleen jatorri sozio-ekonomiko eta kulturalen arteko aldea “gero eta handiagoa” dela bi hezkuntza sareetan, eta sare bakoitzean ikas ereduen artean. Ikasle etorkinen eskolatze prozesuari ere arreta berezia jartzeko eskatu dute, gainerakoek baino emaitza kaskarragoak izaten dituztela ikusita,
Euskara ere bada kezka iturri. Zenbait ikerketak frogatu dute ikasle kopuru handi bat dagoela —Lehen Hezkuntzako 4. mailan, %31, eta DBHko 2. mailan, %38— euskarazko hizkuntza komunikaziorako konpetentzian emaitza kaskarrak dituena. Kezka areagotu egiten da ikusita ikasle horien artean badaudela B eta D ereduetan ikasten dutenak ere. Emaitza horiek hobetzeko plangintza bat finkatzea proposatu dute txostenean.
Finantzazioari dagokionez, “hezkuntzako inbertsioa hobetzeko ahaleginak egin beharraz” ohartarazten dute. Adierazi dutenez, 2009-2012 aldian ikastetxe publikoetako gastua %12,4 jaitsi da; ikastetxe pribatuetakoa, berriz, %0,1 baino ez da jaitsi.