Hezkuntza

LOMCE ezartzeko baliabide ekonomikoei buruz ez dio azalpenik eman Wertek Jaurlaritzari

Bukatu da Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoetako ordezkariekin egin duen bilera; Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek esan du ez diela argibide egokirik eman

arantxa iraola
2014ko martxoaren 19a
08:24
Entzun

"Horrelakoa da bizitza". Erantzun horixe eman omen dio Wert ministroak Uriarteri LOMCE ezartzeko baliabide ekonomikoei buruz galdera egin dionean. Kontzertu ekonomikoaren ondorioz, berezia da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren egoera, eta horregatik egin dio galdera ministroari. Alferrik. Beste hainbat gairen inguruan ere, argibideak oso urriak izan direla salatu du Uriartek. «Inprobisazioa da nagusi. Gaur ere hainbat gai jorratu ditugu, eta lan egiteko era beti bera da. Gaiak oso bizkor landu behar dira, Ministroen Kontseiluak lehenbailehen onar ditzan; ondorioz, oso lan gutxi dago atzean, batez ere aintat hartuta hezkuntzarekin lotutako gaiek gogoeta eta adostasuna eskatzen dituztela».

Gaur aztertu duten gaietako bat hezkuntza sistemako hizkuntzena izan da, eta, horren harira, zuzenketa bat aurkeztu dutela adierazi du Uriartek. "Gure eskuduntza da horren gainean legeztatzea, ez Hezkuntza ministroarena; zuzenketa bat aurkeztu dugu hori salatzeko». Wertek aztertuko duela esan omen die, baina sailburuak onartu du ez dagoela ia astirik horretarako, eta ez dutela fede handirik horrek eman dezakeen emaitzan.

Gaurko bileran agerian geratu da, berriro ere, Espainiako Gobernuak ezarri gura duen erreformak eragin duen desadostasun nabarmena. Kataluniako Generalitateko hezkuntza kontseilari Irene Rigauk, esaterako, ez du parte hartu bileran. Oso kezkatuta daude Kataluniako eta EAEko hezkuntza arduradunak LOMCEk beren hezkuntza ereduan eragin ditzakeen ondorioekin. Katalunian, bereziki, beren hizkuntz eredua —murgiltzearena— kolokan dagoela eta, oso arduratuta daude. Beste hainbat autonomia erkidegotako buruzagiek ere behin baino gehiagotan gaitzetsi dute erreforma, eta kritikatu dute, gainera, ez dagoela astirik datorren ikasturtean ezartzeko.

Urtarrilaren 19an egin zuten aurreko bilera autonomia erkidegoetako ordezkariek Wertekin. Erreforma ezartzeko astia oso urria zela onartu zuen orduan ministroak, baina ezinbestekoa zela. Kataluniako, Andaluziako, Asturiasko eta Kanariar Uharteetako hezkuntza arduradunekin bat egin zuen orduko hartan Jaurlaritzak lege erreformaren kontrako jarrera agerian uzteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.