Hezkuntza

LOMCEren aurka bat egin dute hezkuntza eragileek

Euskarari kalte egiten diola eta baztertzailea dela argudiatu dute, besteak beste.

Maite Asensio Lozano.
2013ko otsailaren 19a
17:35
Entzun

Espainiako Hezkuntza Ministerioa prestatzen ari den Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren (LOMCE, gaztelaniaz) kontra elkartu egin dira esparruko zenbait eragile. "Alarma eta kezka sakon komuna" agertu dute goizean Bilbon egindako agerraldian, erreformak euskal hezkuntza sisteman izan dezakeen “eragin negatiboagatik”, eragile bakoitzaren “proiektuaren ezaugarri propioetatik haratago”. Hartara, adierazpen bat prestatu dute, ikastetxeetan banatzeko eta atxikimenduak biltzeko. Eragile politikoekin ere jardungo dira: testua Eusko Legebiltzarreko alderdiei aurkeztuko diete datorren asteotan, eta Nafarroako Parlamentura joateko eskaria ere egina dute.

Adierazpenak dioenez, LOMCEren helburuak ez datoz bat euskal hezkuntza sistemarekin, bertako emaitzak eta adierazleak “nabarmenki hobeak” direlako. Edonola ere, Juan Ignacio Wert ministroak proposatu duen eredua “baztertzailetzat” jo dute: “Ezin gara bat etorri 14 urtetik aurrera ikasleak sailkatu eta bereizi egiten dituen lege batekin”. Ziklo amaierako azterketekin eta eskolen sailkapenekin ere ez daude ados eragileak, eta hezkuntza sistema “uniformea bultzatzea eta kontrolatzea” egotzi diote gobernuari.

Euskarari ere kalte egiten dio lege aurreproiektuak, eragileon arabera. “Bigarren mailako hizkuntza” bihurtzen duela esan dute, batetik, ez delako enborreko jakintzagaia, eta bestetik, hizkuntza koofizialik duten erkidegoetan ez duelako hizkuntza gutxituaren ezagutza bermatzen. “Euskara ardatz izango duen eredu bakarra” hobetsi dute eragileek, baina, diotenez, LOMCEk auzitan jartzen du planteamendu hori.

Agiriaren sinatzaileen artean daude, besteak beste, EHIGE, BIHE, Sarean, Ikastolen Elkartea, Erkide Irakaskuntza, Kristau Eskolak, Sortzen Ikasbatuaz, Hetel, Ikasle Abertzaleak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.