Londresek Antton Troitiño estraditatzea onartu du

24 urteko espetxe zigorra bete zuen Espainian, eta bete ostean ezarri zioten 'Parot doktrina'. 2012an atxilotu zuten, Londresen.

Berria.info
2013ko ekainaren 14a
17:05
Entzun

Antton Troitiño euskal presoa (Donostia, 1957) Espainiaratzea onartu du Londreseko Auzitegiak. Parot doktrina ezarri zion Espainiak, eta zigor hori betetzeko estraditatuko dute. Aurtengo urtarrilaren 14an hasi zuten epaiketa, Espainiak egindako estradizio eskaera onartu edo ez erabakitzeko.

24 urteko zigorra betea du jada Troitiñok; aske geratu ondoren ezarri zioten 197/2006 doktrina. 2012ko ekainean atxilotu zuten Londresen, eta gaur auzitegiak atzera bota du presoak jarritako helegitea.

Presoaren abokatuak ez du jakinarazi berriro ere helegitea jarriko duen ala ez. John Thomas epaileak maiatzean adierazi zuen Auzitegi Gorenera hel daitekeela kasuaren "konplexutasunagatik". Epaileak esan zuen hamalau eguneko epea emango ziela bi aldeei helegitea jartzeko, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko tramiteak hasiko dituzte orain abokatuek.

Doktrinaren aplikazioa

Berez, 2011ko urtarrilaren 4an behar zuen aske, baina espetxealdian prebentibo moduan emandako denbora zela-eta 2017ra luzatu zioten zigorra. Baina, azkenean, 2011ko apirilaren 13an aske geratu zen. Aske uzteak polemika handia eragin zuen Espainiako politikagintzan eta Justizian. Lehen harrera jaso ostean, desagertu egin zen Troitiño.

Aske geratu bezain laster, hurrengo egunean, Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Troitiño aske uzteko erabakiaren kontra egin zuen. Lau egun geroago, aske geratu eta bost egunera, Parot doktrina aplikatu, eta berriz espetxeratu nahi izan zuten, beste sei urterako. Auzitegi Nazionalaren aginduz, hura atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten topatu.

Ondoren, 2011ko arazoan hari espetxe zigorra sei urte luzatzeko erabakia berretsi zuen Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalak euskal herritarra aske utzi eta astebetera hartutako erabakiari oniritzia emanez.

Troitiño preso hartzeko euroagindua eman zuten orduan, eta Londresen atxilotu ostean, geroztik abian da hura estraditatu edo ez erabakitzeko prozedura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.