Ekonomia

Londresko Burtsako akziodunei zuzenean erosteko eskaintza egin die Nasdaqek

3.966 milioi euroren truke jabetu nahi du New Yorkeko indize teknologikoa kudeatzen duen konpainiak Londresko Burtsaz. EEP Erosteko Eskaintza Publiko erasokorra gauzatuko balitz nazioarteko aurreneko burtsa sortuko litzateke.

2006ko abenduaren 12a
17:07
Entzun
Azaroan egin zion aurreneko aldiz Nasdaq New Yorkeko indize teknologikoa kudatzen duen konpainiak EEP Erosteko Eskaintza Publikoa Londresko Burtsari. Proposamena atzera bota zuen orduan Londreskoak, Nasdaqek egindako eskaintzak beren balioa "nabarmenki gutxiesten" zuela iritzita.

Orain, EEP erasokorra abiatu du Nasdaqek: akziodunei zuzenean egin die erosketa eskaintza, orotara, 2.700 libera esterlinaren truke (3.966 milioi euro).

Nasdaqen saioaren atzetik munduko lehen nazioarteko burtsa sortzeko asmoa dago. Erosketa gauzatuz gero, munduko lehen balore azoka sortuko litzateke, eta Atlantikoaz gaindiko lehen burtsa. Gutxienez 6.400 enpresa izango lituzke burtsa horrek bere zerrendan. «Irrikitan gaude bi enpresa sendo bateratzeko, munduko lehen kapital merkatu global eta mugaz gaindikoa sortzeko», esan du Nasdaqeko presidenteak. «Inbertsoreei Londresen eta New Yorken aldiberean kotizatzeko ahalmena izango lukete».

Joan zen apiriletik, Londresko Burtsaren %25aren jabe da Nasdaq. Londresko Burtsaren balioa %124 igo da iaztik, Nasdaqek, Euronextek, Deutsche Boersek (Alemaniako Burtsak), eta Australiako Macquaire bankuak erosteko egin dizkioten eskaintzengatik. Orain arte, aurre egin die Londresko Burtsak lehiakideen asmoei, baina adituen arabera, badu garaia aliantzak egiteko, munduko azoketan indar handiagoa hartze aldera.Munduko burtsarik zaharrena da Londreskoa, eta 300 urteko historia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.