Lopez: "Akatsa izan zen PPrekin itunik ez genuela egingo esatea"

EH Bildurekin gobernua osatzeko akordiorik ez duela egingo agindu du. Cabacas auzian Rodolfo Aresen jarduna babestu du. Gaur Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia izango da saioan. Erreakzioak bildu ditu Mikel Peruarenak, Storify bidez.

2012ko urriaren 4a
16:10
Entzun

"PPrekin itunik egongo ez zela esan nuela aitortzen dut, eta akatsa izan zen. Akatsa onartzen dut. Baina ez dut EH Bildurekin itunik egingo. Ideia horri eusten diot'', esan du Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak. ETBko 'Euskadi Pregunta' saioan izan da bart gauean Lopez, eta, besteak beste, Cabacas auziaz, ETAren amaieraz, bankuen jarreraz eta independentziaz galdetu diote.

Lopezek PPri egotzi dio gobernu akordioaren haustura, lehendakariak uste baitu PPk nahiago izan duela Espainiako Gobernuak eginiko murrizketen alde lerratu. Hala ere, itunari hainbat onura eragin dituela ziurtatu du: "terrorismoaren drama" amaitzea jarri du adibide modura.

Independentzia "historiako negoziorik txarrena" dela esan du berriz ere, “herrialdea hautsi eta euskal herritar batzuei besteekin aurrez aurre jartzen digulako". PSE-EE "beti autogobernuaren alde" egon dela gaineratu du, eta, hortik aurrera, estatus politikoa aldatzeko irizpideak legez ezarrita daudela adierazi du.

Iñigo Cabacas Bilboko gaztea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela-eta, Lopezek esan du "konpondu ezinezko gertaera" dela, "ezerk" ezin baitu "familiaren eta lagunen mina osatu”. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiaren jokaera babestu du: “Ares familiari deitzen lehenengotarikoa izan zen, baita ikerketa bat martxan jartzen ere eta espedienteak ireki ziren”. Orobat, nabarmendu du Aresek “istiluen aurkako materialaren aldaketa azkartu” duela.

Urriaren 21eko hauteskundeei begira, bere burua bozetan garaile ikusten duela adierazi du Lopezek: "Ez dut aurreikusten berriro lehendakaria ez izateko ideia".

[Storify]http://storify.com/peruarena/euskadi-pregunta-patxi-lopez[/Storify]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.