Efe berri agentziak eginiko elkarrizketa batean esan duenez, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak espero du alderdiak "estatutu berri bat" adosteko gai izatea eta testu hori gizarteak berrestea.
Independentziaren kontra jardun du Lopezek. Haren ustez, "independentzia edozein preziotan defendatzen duenak ez du inoiz independentziaren egiazko kostuaz hitz egin nahi". Azaldu duenez, "Europatik ateratzeko kostuaz gain, zerbitzu publikoak eta pentsioak mantentzearen kostua" du estatu independente bat izateak, eta gaineratu du Euskadik ezingo lituzkeela horiek ordaindu.
Kataluniaz, esan du ez dagoela arazorik kataluniarrekin, "Kataluniako independentistekin baizik". Horiei "demokraziak berdin diela ematen du", erantsi du: "Artur Masek dioenean [Espainiako] Kongresuak dioena berdin diola, ez da Madrilekin konfrontazioa bilatzen ari; sistema demokratiko bat leherrarazten ari da".