inguruMENA

Lopez de Uraldek Greenpeaceko zuzendaritzako kide izateari utziko dio aurki

Donostiarrak abuztuaren 31n lagako du Espainiako Estatuko zuzendari kargua, hamar urteren ondoren. "Beti pentsatu izan dut garrantzitsua dela postua uztea gauzak ondo doazenean".

2010eko uztailaren 23a
14:04
Entzun
Abuztuaren 31n Greenpeace talde ekologistaren Espainiako Estatuko zuzendari izateari utziko dio Juan Lopez de Uraldek (Donostia, 1963). Azken hamar urteetan izan da karguan, eta haren ordez Mario Rodriguez jarriko da zuzendari -gaur egun Greenpeaceko kanpaina burua da-.

"Beti pentsatu izan dut garrantzitsua dela postua uztea gauzak ondo doazenean", esan du Lopez de Uraldek. Hura zuzendaritza karguan izan den urteetan, Greenpeacek arrakasta handiko kanpainak egin ditu eta Espainiako Estatuan ehun mila bazkide izatera iritsi da.

Orain dela 23 urte hasi zen nazioarteko talde ekologistan lanean. Hondakin toxikoak itsasoan erraustearen aurkako kanpainaren arduraduna izan zen hasieran. Geroztik, ardura ugari izan du. 2001etik aurrera Greenpeaceren Europako Batasuneko lehendakaritza karguan egon zen, Espainiako Estatuko zuzendaritza lanarekin batera.

Iazko abenduan sona handiko ekintza batean hartu zuen parte Lopez de Uraldek: Kopenhageko goi bileran Danimarkako erregina harrera egiten ari zitzaien estatu buruzagiei abenduaren 17an, eta Lopez de Uraldek eta taldeko beste lagun batzuek harrera ofizialera sartzea lortu zuten. Atxilotu eta 21 egunez egon zen espetxean.

Greenpeacek hark egindako lana goraipatu eta eskertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.