"Ekiteko bokazioa" gutxitzen ari dela-eta, "ekintzaileen eredua" zabaltzearen alde egin du Lopezek. Hasteko, bere gobernuak bide horretan egindako lana goraipatu du, Agirreren laguntzarekin: besteak beste, joan den legealdian abian jarritako enpresak finantziatzeko plana aipatu du, 2.180 milioi eurokoa. Ondoren, hiru erronka nagusi nabarmendu ditu Lopezek, hogeita hamar "ekintzaile" ingururekin egindako "bilkura informalean": batetik, "ekintzaile izaera" bultzatzea, erakunde nahiz komunikabideetatik; bestetik, krisialdi ekonomikoa gorabehera, enpresak sortzen laguntzeko finantziazioa bermatzea; eta azkenik, administrazio baimenak lortzeko tramiteak azkartzea. Orain, Ekintzaileen Euskal Agentzia martxan jartzeko asmoa agertu du Lopezek, laguntza guztiak zentralizatzeko.
Lopezek eta Agirrek hitz egin ondoren, hiru "ekintzailek" hartu dute hitza —hiruak gizonezkoak—; tartean, Espainiako Enpresari Gazteen Elkarteko kide bat. Finantziazioaren bidetik aritu dira guztiak: La Caixaren Estatuko ekintzaile onenaren saria jaso berri duen Alejandro Mateo izan da lehena, eta bere enpresak arlo horretan "lehiatzeko" izandako gorabeherak aipatu ditu. "Gaurko egunkarien azaletan agertu behar luke horrek", esan du Lopezek.