Lopez: «Euskadin EAJri bozkatzea Madrilen PPri botoa ematea bezala da»

Ramon Jauregi, Eduardo Madina eta Odon Elorza zerrendaburuak aurkeztu ditu PSE-EEk hauteskundeetarako

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
PPk Espainiako hauteskundeak irabazten baditu harekin elkarlanean aritzeko prest egongo dela esan du EAJk, eta hori gogor kritikatu du Patxi Lopez lehendakariak. «Euskadin EAJri bozkatzea, Madrilen PPri botoa ematea bezala da», adierazi du. Lehendakariaren ustez, EAJ edozer gauza egiteko prest dago «protagonista izaten jarraitzeko».

PSE-EEk azaroaren 20ko bozetara aurkeztuko dituen hautagaien berri emateko ekitaldian esan ditu hitzok Patxi Lopez lehendakariak. Arabako zerrendaburua izango da Ramon Jauregi,Bizkaikoa Eduardo Madina eta Gipuzkoakoa Odon Elorza.

Lopezek EAJ eta PPren aurka jotzeko erabili du PSEren hautagaien aurkezpena. Haren ustetan, jeltzaleen ardura bakarra da «herria nahierara erabiltzea», eta hori lortu ezin dutenez, PPrekin elkar hartuta aritu nahi dute hauteskundeen ondotik. Gainera, lehendakaria ziur dago EAJk eta PPk indarrak batuko dituztela Madrilen, «Euskadin gauza bera egiten dutelako aberatsen diru kontuak ukitu nahi ditugunean».

PPk indarkeriaren aurkako borrokari buruz azken egunotan egindako adierazpenak hizpide hartu ditu Lopezek, halaber. Zehazki, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohiak PSOEri ETAren aurrean «amore ematea» leporatu izana kritikatu du Lopezek. Haren ustez, PPkoak «terrorismoa» hauteskunde kanpaina egiteko eta «boto apur batzuk» eskuratzeko erabiltzen ari dira, eta hori egiteari uzteko eskatu die. «PPk ETAren aurkako borrokaren inguruan zabaltzen duen mezua lotsagarria da», salatu du.

Lopezen ustez, «demokrazia» gailendu egin zaie biolentzia erabiltzen dutenei, eta Euskal Herrian bizi den giroa horren «adibide argia» da. «Demokraziaren sendotasunari esker, herritarren askatasunerako berreskuratu dira herri honetako gune publikoak». Lehendakariaren iritziz, euskal gizartea «nazkatuta» dago indarkeriaren gaia modu «arduragabeaz» erabiltzen dutenekin, eta PPri ohartarazi dio bide hori jarraitzen badu, sozialistak aurrezaurre izango dituela. «Sozialistok egia manipulatzeko eta bakeari eta askatasunari trabak jartzeko ahalegin orosalatuko ditugu».

Gizarte arloari dagokionez, lehendakariak esan du «EuskadiEspainia aurrerakoiaren ispilu eta eredu» dela. «Erakutsi dugu krisi garaietan politika aurrerakoiak egin daitezkeela zerbitzu publikoei eutsita, enplegua sortuta eta ekonomia sendotuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.