EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Lopez: «Herritarrek elkarrizketa eta aldaketa saritu dituzte»

Ibarretxeren Planak «porrot» egin duela eta hurrena «bakearen legealdia» izango dela esan du

Asier Iturriagaetxebarria.
2005eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Hauteskundeetako irabazlea «aldaketaren korrontea» izan dela agertu zuen Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak jakin bezain laster. Halaber, azken legegintzaldian Eusko Jaurlaritzak sustatutako Estatutu Berrirako Proposamenak «porrot» egin duela azpimarratu zuen, eta hori kontuan hartzeko eskatu zion Juan Jose Ibarretxe jarduneko EAEko lehendakariari. «Euskal herritarrek aldaketaren, elkarrizketaren eta elkar ulertzearen alde bozkatu dute; eta eztabaiden eta liskarren kontra egin dute. PSE-EEk ordezkatzen duen zentraltasuna saritu dute», agertu zuen Lopezek.

Gustura agertu zen Lopez, eta gustura zeuden alderdi sozialistako militanteak botoetan zein legebiltzarkideetan izan duten hazkundearekin. Izan ere, 18 legebiltzarkiderekin orain lau urte baino 5 gehiago lortu dituzte sozialistek eta 20.000 botoko hazkundearekin, Eusko Legebiltzarreko bigarren alderdia bihurtzea lortu dute, PPren aurretik. Bilboko Domine hotelean bildutako militanteek txalo artean eta «Ari, ari ari, Patxi lehendakari» oihuen artean hartu zuten Patxi Lopez, eta irribarre zabalak ikusten ziren guztien aurpegietan.Atzoko hauteskundeetako irabazleak euskal herritarrak izan direla esan arren, PSE-EE alderdia nagusitu zela azpimarratu zuen. Horretarako, hainbat datu eskaini zituen, eta, besteak beste, parte-hartzea jaitsi arren boto kopurua igotzea lortu duen alderdi bakarra sozialista izan dela esan zuen. Era berean, irabazitako botoak PPtik datozenak bakarrik ez direla izan argitu zuen: «Horrek erakusten du euskal gizartea zabala dela».

Botoak, estatutua berritzeko neurriak hartzeko

Herritarrek emandako botoen ostean, zer etor daitekeen ere aurreratu zuen. Bere aldetik, «aldaketa» bultzatuko duen politika egingo duela adierazi zuen, «blokeak amaituko dituen politika» sustatuko duela, hain zuzen. «Eman dizkiguten boto guztiak askatasunaren alde eta terrorismoa amaitzeko jarriko ditut. Estatutua hobetzeko hartu beharreko neurrietarako erabiliko ditut lortutako botoak, betiere euskal herritar guztien askatasunaren barruan. Hurrengo legealdia bakearen legealdia, batasunaren legealdia izango dela ziurtatzen dizuet».

Ibarretxeren Planak izandako «porrota» gogoan izan zuen. «Ibarretxeren Plana atzera bota dute herritarrek. Beraien herria amildegira eramango zuen planik ez dutela nahi esan dute herritarrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.