Euskal Presoak

Lopez Peña euskal presoak okerrera egin du

Javier Lopez Peña erietxean dago martxoaren 11z geroztik, bihotzekoak jota. BERRIA-k jakin ahal izan duenez, presoak okerrera egin du gaur. Odol isuria izan du burmuinean, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, Parisko Petita-Salpetriereko ospitalean. Atzo ebakuntza egin zioten.

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko martxoaren 28a
21:05
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, gaitz kardiobaskularrak zituen lehendik, eta bihotzekoak jo zion pasa den martxoaren 11n. Fleury-Merogis espetxetik (Paris) Corbeil-Essoneko ospitalera eraman zuten, baina «zenbait zailtasun» izan ostean, Pitie-Salpetriereko ospitalean sartu behar izan zuten, martxoaren 13an. Han egin zioten ebakuntza, eta jarraipen eta tratamendu bereziak beharko ditu datozen hilabeteetan, Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez.

Ez espetxeko arduradunek ezta erietxekoek ere ez zituzten jakinaren gainean jarri Lopez Peñaren senideak. Bihotzekoak jo eta zortzi egunera izan zuten presoaren egoeraren berri, Fleury-Merogis espetxean dauden gainontzeko euskal presoek ohartarazita. Euren kabuz jakin behar izan dute non zegoen Lopez Peña, eta Etxerat-ek salatu duenez, «informazio guztia» ukatu diete ondoren ere.

Herrira mugimenduak salatu du Espainiako eta Frantziako gobernuen espetxe politikak «errusiar erruleta makabro» baten esku uzten dituela, egunero, 600 euskal presoen bizitzak. «Garaia da gaixo dauden presoak askatu eta ondorio atzeraezinak saihesteko», adierazi dute, Anjel Figueroaren heriotza gogora ekarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.