Bordelen (Frantzia) abiatutako polizia operazioan atxilotutako sei lagunak inkomunikatuta daude oraindik, poliziaren esku. Javier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Fred Fort gaur eraman dituzte Parisera. Goizean egin dute Parisera bidaia, eta orain Pariseko SDAT Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzaren egoitzan daude. Lehen laurak Bordelen atzeman zituzten astearte gauean, ETAko kideak direlakoan, eta Fort asteazkenean Bidarten (Lapurdi), lau haiek bizi ziren etxearen jabea delako.
Joxean Barandiaran ere atzeman zuten asteazkenean -Guardia Zibilak-, Andoainen (Gipuzkoa), eta Madrilen daukate, Guardia Zibilaren egoitzan. Lopez Peñarekin eta Ozaetarekin biltzea egozten diote. Guardia Zibilak inkomunikazioko bost egunak aplika ditzake, eta beranduenez astearte goizean eramango luke Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera.
Barandiaranen egoeraren inguruan kezkatuta agertu da Askatasuna. "Joxean torturatua izango da [Espainiako Barne ministro] Alfredo Perez Rubalcabak horrela erabakitzen badu". Askatasunak gogorarazi du Guardia Zibilak atxilotu zituen azken euskal herritarrak Igor Portu eta Mattin Sarasola izan zirela; inkomunikazio aldian Portu erietxera eraman zuten tortura zantzu nabarmenekin eta Sarasolak torturak salatu zituen.
Atxiloketak salatzeko 300 lagun inguruk manifestazioa egin zuten atzo Donostian, eta 140 lagun inguruk Andoainen.
Politika
Lopez Peña, Ozaeta, Salaberria, Suberbiola eta Fort eraman dituzte Parisera
Bihar pasatuko dira epailearen aurretik. Barandiaran Madrilen daukate, eta baliteke lau egun barru eramatea Espainiako Auzitegi Nazionalera. Asteartean eta asteazkenean atzeman zituzten Bordelen, Bidarten eta Andoainen, ETArekin lotura dutelakoan. Inkomunikatuta dauzkate oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu