Yolanda Molina abokatuak jakinarazi du salaketa ezarriko dutela espetxeko zuzendari eta erietxeko arduradunen aurka. Familiak ez du oraindik gorpua ikusteko baimenik ukan. Ildo berean, debekatu egin zioten konfiantzazko sendagile bat egotea Lopez Peñaren gorpuari autopsia egin ziotelarik.
Oraindik ez dute paradarik ukan Lopez Peñaren osasun txostena eskuratzeko. Heldu den ostiralean mobilizazioak eginen dira Baiona, Maule, Donibane Garazi, Hazparne eta Donibane Lohizunen. Hark azaldu duenez, familiak orain arte ezin izan du Lopez Peñaren gorpua ikusi. Gogorarazi du martxoaren 11n eraman zutela Lopez Peña ospitalera, eta bi aste baino gehiago igaro ondoren jaso zuela familiak horren berri.
Lopez Peña larunbat goizaldeko 01:00ean zendu zen; senideek, ordea, hamahiru ordu geroago jaso zuten bere heriotzaren berri, Molinak azaldu duenez.
Gaixotasuna 2009tik
Jaiki Hadi elkarteak ohartarazi du gaixo dauden presoen egoera gero eta zailagoa dela. Lopez Peñaren gaixotasunaz 2009an ohartu ziren; hala ere, salatu du azken urteetan ia ez duela sendabiderik jaso.
Elkarteko Itsaso Idoiagak adierazi duenez, "azaldu ezina" da burmuinean odol isuria izan zuenean hasieratik Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman ez izana.
Etxerat eta Herrira-ko ordezkariek Frantziako Gobernuak auzian izandako "immobilismoa" salatu dute.