Herrira mugimenduak gogor salatu du Xabier Lopez Peña presoaren heriotza. “Bizitzako azken hiru asteetan egin ziotena, giza eskubideen urraketa lazgarria izateaz gain, erabat ankerra da”, esan du Nagore Garcia Herrira-ko kideak. Batetik, presoa martxoaren 11tik 19ra artean “desagertuta” egon zela esan du, “inork ez baitzuen jakin ospitaleratu zutela erietxera eraman eta zortzi egunera arte”. Bestetik, Lopez Peña bizirik ikusteko aukerarik ez zioten eman familiari, eta hila zela “hil eta hamabi ordura jakin zuten”. Gainera, Garciak salatu du oraingoz ez dutela aukerarik izan gorpua ikusteko, eta gaitzetsi egin du autopsian “familiaren konfiantzazko medikurik” egon ez izana.
Baina gertakari hori ez da bakana izan. “Martxoak, zoritxarrez, irudi lazgarri gehiago ekarri dizkigu”. Angel Figueroaren heriotza; Muret, Puerto III eta Sevillako espetxeetan euskal presoek pairatutako jipoiak; eta Jabi Martinez presoaren senideek Jaenetik bueltan izandako istripua. Horiek guztiak “mendekua, giza eskubideen urraketaren eta sufrimenduaren politika” direla salatu du Herrira-k.
Horregatik, “sufritzen jarraitu nahi” ez dutelako, salbuespen neurriak amaitzeko eskatu du mugimenduak berriro. “Gatazka konpontzeko, espetxe politika aldatu beharra dago”. Eta egoera aldatzeko, eragile politiko, sozial eta sindikalei dei egin die urrats bat egiteko. Eta baita herritarrei ere. Horretarako, hainbat deialdi egin ditu Herrira-k datozen egunetarako. Ostegunean, 12:00etan, Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, eta kexa formala aurkeztuko bertan; ostiralean, elkarretaratze gehiago Basaurin, Galdakaon, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Donibane Garazin, Baionan, Maulen, Hazparnen eta Donibane Lohizunen; eta larunbatean, azkenik, Bilbon herri mobilizaziora deitu du Herrira-k 17:30erako, Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea lelopean.