Euskara

Lopezek barkamena eskatu du euskara eta askatasuna lotzeagatik

Urtarrilaren 24an egindako adierazpenak argitu nahi izan ditu Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.

2011ko otsailaren 18a
14:53
Entzun
Euskara eta askatasuna lotzean mindu zuen orori "barkamena" eskatu dio gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Hala ere, lehendakariak uste duenez, "batek baino gehiagok polemika handitzeko saiakera egin du, era horretan lehendakaria erasotzeko. Horrek ez dio onurarik ekartzen euskarari".

Lopezek azaldu duenez, ez du "inoiz" "euskara eta terrorismoa elkar lotu", "indarkeriaren amaierak euskararen inguruko gaizki-ulertzeak saihestuko" dituela baizik. Haren aburuz, "begibistakoa da terrorismoaren bukaerak euskara tabu gisa ez ikusteko lagunduko" duela.

Urtarrilaren 24an, Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzorde berrituaren bilera hasi aurretik, "bortizkeriaren amaieraz amets egiten ausartzen gara. Espero dugu minbizi hau laster iraganeko kontua izatea. Horrek gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari" esan zuen Lopezek. "Euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin" ere adierazi zuen. Esan horiek hautsak harrotu zituzten eta EAJk, EAk eta Aralarrek adierazpenok legebiltzarrean argitzeko eskatu zioten.

Gaur, Lopezen barkamena entzun ondoren, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak galdetu dio ea zergatik ez zituen gaztelera eta frantsesa ere lotu askatasunarekin. Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak, berriz, adierazpen haiek "desegokiak" zirela aitortzeko eskatu dio Lopezi, lehendakariaren esanek "min handia" egin dutelako. EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabala antzera mintzatu da; euskara laguntzeko eta "bakean" uzteko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.