politika

Lopezek dio Zapaterok eta biek uste dutela "politikak lagundu" egin behar duela "egoera berri hau sendotzen"

Ordubeteko bilera egin dute Ajuria Enean Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako gobernuburuak. Zapaterok "erabateko babesa" eman dio Lopezen dekalogoari. Biek "zuhurtzia" eskatu dute "asmatzen segitzeko". Biktimen Kontseiluak ETArekin "inpunitaterik" ez izateko galdegin du.

2011ko azaroaren 7a
20:09
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta biek uste dutela "politikak lagundu" egin behar duela ETAren borroka armaturik gabeko "egoera berri hau sendotzen". Ordubete inguruko bilera egin dute biek Gasteizen, Ajuria Enean, eta 13:30ean prentsaurreko labur bat eman dute. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua behin betiko utzi duela. 

Jaurlaritzako lehendakariak dio irailean Eusko Legebiltzarrean "batasunerako, adostasunerako eta bizikidetzarako" aurkeztu zuen dekalogoaren berri eman diola Zapaterori, eta egitasmo horren alde egiten jarraitzen duela. Espainiako presidenteak prentsaurrekoan azaldu du "erabateko babesa" ematen diola dekalogoari. "Indarkeriaren bukaerak aro politiko eta zibiko berria zabaldu du", adierazi du Zapaterok.

Biek, baina, "zuhurtzia" eskatu dute "asmatzen segitzeko". Lopezek esan du ETAren indarkeriak 40 urte pasa iraun duela, "eta 40 urtean egin ez duguna ez dugu bi egunetan egingo". Lehendakariak adierazi du Espainiako hurrengo gobernuaren zeregina izango dela neurriak hartzea, "Jaurlaritzarekin ados" jarrita. "Bat eginda eman behar dira pausoak".

Zapateroren arabera, "euskal herritarren meritua" da ETAk jarduera armatua bukatu izana

Zapaterok aitortu du "une historikoa" dela hau, ETAk jarduera armatua bukatu duelako, eta, urriaren 20tik berak egin duen "gogoeta sakonaren" ondoren uste du "meritua euskal herritarrena" dela. "Euskal Herriko demokratei esker lortu da hau, askatasunagatik borrokatu direlako, erresistitu egin dutelako. Indar hori gabe ez genuen ETAren bukaera lortuko". 

Espainiako presidenteak esan du karguan egon den ia zortzi urteetan denbora asko pasatu duela ETAren indarkeriari amaiera eman nahian, "ahalegin politikoak zuzendu" dituela horra, eta orain "oso lotuta" sentitzen dela Euskal Herriarekin.

"Bizikidetza, errespetua eta tolerantzia" bezalako baloreak landu behar direla iritzi dio, uste du Lopez bide horretan ondo ari dela lanean, eta etorkizunera begira baikor agertu da. "Gauzak ondo egingo diren konfiantza dut".

1980tik Espainiako presidente bat ez zen izan Ajuria Enean. Orduan Adolfo Suarez hartu zuen Carlos Garaikoetxeak.

Gobernuak dio Zapaterok "oraindik zer esateko asko" daukala "ETAren bukaeraren kudeaketaz"

Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak adierazi du Zapaterok eta Lopezek "oraindik zer esateko asko" dutela "ETAren bukaeraren kudeaketaz". 

Jauregik, hala ere, berretsi du gaurko gobernuak ez duela "neurririk" hartuko eta hurrengoaren zeregina izango dela "azken fasearen" kudaketa. "Dena dela, hauteskundeak gertu ditugun arren, gai horretaz hitz egitea garrantzitsua da eta hala egingo dute gaur Zapaterok eta Lopezek", zioen ministroak Ajuria Eneko bilera baino lehen.

Lopez arratsaldean Biktimen Kontseiluarekin

Lopez, bere bilera sailaren baitan, 16:00etan Biktimen Kontseiluarekin elkartu da,  eta kontseiluak ETArekin "inpunitaterik" ez izateko eskatu du. Duela bi aste ekin zion batzar errondari Lopezek, Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.