Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak garbi du hurrengo Jaurlaritzan dagoena, kasu, EAJ bada, horrek ere murrizketak egin beharko dituela ezinbestean, baina leporatu dio ez duela esaten non sartuko duen guraizea. EAJk bere programa "giltzapean" gordeta dauka, Lopezek uste duenez.
Hori dela eta, PSE-EEko hautagaiak adierazi du abertzaleak "eztabaida independentista amaiezinarekin" dabiltzala bueltaka, eta PPk lagundu egiten diela, "sua piztuz, katalanak espainiartu egin nahi dituela eta horrelako astakeriak esanez". "Ez gaitzatela zorabia", esan du Lopezek, "ez dezatela arreta desbidera, eta krisitik ateratzeko, enplegua sortzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko proiektu garbiekiko konpromisoa ager dezatela".
Gasteizen izan da PSE-EEren Arabako zerrendaburua, Abetxuku auzoan. Javier Maroto alkatearen politikari kritika egin dio, baina berriz ere EAJ izan du jomugan. "EAJ agintean egon zenean, Araba abandonatu egin zuen. Nazionalistek Gasteiz eta Araba urteetan bazterrean izan ondoren, gaurko Jaurlaritzak [PSE-EE] lehentasunen artean jarri ditu".
Lopezen arabera, "Euskadi hiru lurralde dira, baina herri bat", eta, ondorioz, horrek esan nahi du "Araban inbertsioak egin, azpiegiturak sortu eta zerbitzu publikoak indartu" behar direla.