Patxi Lopezek hauteskundeen ostean EH Bildurekin akordioa egiteko aukera baztertu du, "kontu etiko eta demokratikoetan alde handia dagoelako bi alderdien artean". EAJrekin akordioa egiteko aukeraz galdetuta, bozen ostean hitz egingo duela erantzun du lehendakariak, erabakia bakoitzak lortutako emaitzen eta aurkeztutako proposamenen araberakoa izango dela iradokiz. SER irratian egin ditu adierazpen horiek gaur goizean.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du PSE-EEk ez duela akordiorik egingo EH Bildurekin, alderdiari "ibilbide demokratikoa" falta zaiolako eta duten "gobernatzeko modua ez delako egokia". Gobernuaren likidezia falta ukatu du.
Bestalde, bozak aurreratu izanak "etsitzearekin" zer ikusirik ez duela esan du Lopezek, eta nabarmendu du ez dela bozak aurreratzera "behartuta" sentitu. Hala ere, lehendakariak aitortu du udako oporrak hasi baino lehen hasia zela erabaki horretan pentsatzen. PSE-EEko kidearen esanetan, kanpainaurre giroan murgilduta zeuden jada EAJ, PP eta EH Bildu eta horrek adostasunak lortzea eragozten zuen, "beharrezkoa zen garai berri bat irekitzea". Ukatu egin du baina erabakia krisiaren eta politika jakin batzuk aurrera eramateko ezintasunaren ondorioz etorri izana.
Lopezek gogorarazi du oraingoz izendatu gabe dagoela PSEko lehendakarigaia nor izango den. Irailaren 2an biltzekoa da batzorde eragilea eta ordura arte hautagaiak aurkezteko aukera dagoela esan du. Nolanahi ere, Lopezek lehen ere esana du badaukala lehendakari izateko aurkezteko asmoa .