Bere etorkizun politikoaz hitz egin du Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Onda Cero irrati katean eginiko elkarrizketa batean. Bertan esan duenez, "Euskadiko politikagintzan" ariko da PSOEn hauteskunde primarioak egiteko epea zabaltzen duten arte, eta gaineratu du iraila eta azaroa bitartean erabakiko dutela hautagaiek primario horietara aurkeztu edo ez.
"Euskadin otsailean estatus politiko berri baten inguruan hitz egiteko lantalde bat abiatuko dugu, eta uste dut horrek elkarrizketa eta politika asko behar duela. Europako Hauteskundeak izango dira, eta ikusi behar dugu nola planteatzen dugun ETAren amaiera eta desagerpena. Nahikoa lan badago, beste gauza batzuekin arreta ez galtzeko", esan du.
Bakegintzari dagokionez, Lopezek espero du Sortuk eta EAJk "elkar hartu ez izana ETAren terrorismoaren amaieratik etekina ateratzeko". Haren ustez, azken asteetako gertakarien eraginez "ez dagokienei ematen ari zaie protagonismoa". Gaineratu du ETAren jardun armatuaren amaiera "zuzenbide estatuaren eta demokraten garaipena" dela: "Ezin dugu onartu, inola ere ez, terrorismoa txalotzen aritu direnek irabaztea gudu politikoa eta herrialde honetan gertatutakoaren kontakizuna".