Iñigo Urkullu lehendakariak bihar amaituko du alderdi politikoekin egiten ari den bilera erronda —Andoni Ortuzar EAJko buruarekin elkartuko da (16:30)—. Gaur, Patxi Lopez eta Laura Mintegirekin izan ditu bilerak, eta murrizketak izan ditu hizpide biekin.
Bileraren amaieran, nola Lopezek hala Mintegik ez dute argitu aurrekontuen inguruan ze jarrera hartuko duten, Urkulluk berak ez dielako argitu murrizketak zein arlotan egingo dituen.
Patxi Lopezek Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren erreformari helegitea jartzeko deia egin dio lehendakariari, uste duelako hezkuntzarentzako "atzerapauso bat" dela, eta erkidegoen eskumenak "inbaditu" egiten dituela. Botiken berrordainketa onartu izana ere kritikatu du Lopezek.
Elkartu direnean Urkulluk Lopez zoriondu du, PSE-EEko idazkari nagusi hautatu dutelako berriro.
PSEk aurreratu zuen asmo argi bat eramango zuela bilerara: osasun, hezkuntza edo gizarte politiketako edozein murrizketari aurre egitea.
Mintegi ere murrizketen kontra
Espainiako Gobernuaren murrizketei aurre egiteko eskatu dio Laura Mintegik ere, eta "txikienak izanda ere", hezkuntzan eta osasungintzan egindako murrizketak "beti gehiegi" izango direla esan dio. "Kezkatuta" agertu da Mintegi Urkulluren informazio falta horrekin, baina Urkullurekin aurrekontuen edo beste gairen baten inguruan negoziatzeari ez diola "aterik ixten" ere nabarmendu du.
Hil honetan Gorka Maneiro (UPD) eta Antonio Basagoitirekin (PP) bilerak izan ditu Urkulluk. Ekonomiari buruzko zenbait gaitan soilik agertu ziren ados Urkullu eta Basagoiti. Bake eta bizikidetza gaietan elkarrengandik urrun daudela baieztatu zuen PPko buruak bileraren ondoren.
Urkulluk akordioen beharra berretsi zuen lehendakari kargua hartzeko ekitaldian, abenduaren 13an.