Kazetarien gela beteta zegoen, bilerak sortu duen ikusminaren adierazgarri. Otegi izan da kazetari horien guztien aurrean agertzen lehena. Gaztazkaren konponbidean elkarrizketak duen garrantzia nabarmendu du eta akordio baten beharra azpimarratu. Akordio horrek ezberdinen artekoa eta anitza izan behar duela azaldu du eta oinarri garrantzitsu bat izan behar duela. Euskal Herritarrek libreki, mugarik gabe erabakitakoa mundu guztiak errespetatu behar duela.
Gaur PSE-EErekin egin bezala epe laburrean PSNrekin eta Frantziako sozialistekin bildu ahal izatea espero du Otegik. Horixe da ezker abertzalearen nahisa. Izan ere, Batasuneko buruzagiak azaldu du bakea eta konponbidea lortzeko Euskal Herri osoko eragileak daudela lan egitera deituta. Bidea elkarrizketa dela berretsi du.
Patxi Lopezek bileraren momentu "ezin garrantzitsuagoa" nabarmendu du. Azaldu du PSE-EEk hartutako erabakiak beti izan direla bakearen bidean lan egiteko asmoz. Otegik bezala, elkarrizketaren garrantzia nabarmendu du eta esan du elkarrizketa politikoa ireki behar dela "bizikidetza esparruari buruzko adostasunak zabaldu eta akordioak aztertzeko".
Bilea zintzoa izan da Lopezen ustez, bakoitzak bere planteamenduak jarri ditu mahai gainean. PSE-EEk zera planteatu du, ezker abertzalea orain arte arazoaren parte izan dela eta orain konponbidearen zati izan behar duela. Hitz egin ahal izateko legezko alderdi bat behar dutela azpimarratu du eta horretarako neurriak ezker abertzaleak berak hartu behar dituela. Izan ere, adierazi du alderdien legea ez dela aldatuko.
Denen ahotan izan den bilera
Goizeko bederatzi eta erdiak pasatxo zirela bildu dira Donostiako hotel batean PSEko eta Batasuneko buruzagiak, eta hamaika eta erdiak arte egon dira batzartuta. Patxi Lopez idazkari nagusia izan da PSEren ordezkaritzaren buru eta Rodolfo Ares legebiltzarkidea ere batzarreanizan da. Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria izan dira Batasuneko ordezkariak. Ikusmin handia sortu du batzarrak, besteak beste, sozialistek eta ezker abertzaleko buruzagiek urte askotan egingo duten ageriko lehen bilera delako.
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak "prozesuaren bide orriaren parte" dela esan zuen atzo; Arnaldo Otegi Batasunekoak, berriz, gaurkoa "etorkizunerako argazkia" izango dela nabarmendu zuen.
Bileraren bezperako egunetan PSEk behin eta berriz esan du mezu zehatz bat helaraziko diotela Batasunari: legalizatzeko eta "indarkeriatik aldentzeko" urratsak egin behar dituela. Batasunak, berriz, batzarrean "politikaz" hitzegingo dutela nabarmendu du, eduki politikoak izango direla nagusi.
Aipatu bi alderdietako buruzagiek ez ezik, epaitegiek ere izan dute zeresana gaurko bilerari buruz. Izan ere, Dignidad y Justicia eta España y Libertad elkarteek ekitaldia galarazteko eskatu zioten Espainiako Auzitegi Nazionalari. Baltasar Garzon epaileak, ordea, eskaera atzera botatzea erabaki zuen atzo, debekua "erabaki politikoa" litzatekeela argudiatuta.
Konponbide prozesua
Lopezek eta Otegik batzarraren garrantzia eta zintzotasuna azpimarratu dituzte
Patxi Lopezek eta Arnaldo Otegik oso garrantzitsutzat jo dute PSE-EEren eta Batasunaren arteko bilera. Ordu eta erditik gora egon dira batzartuta Otegik azpimarratu du beharrezko dela ezberdinen arteko akordioa erdiestea. Akordio horrek oinarri bat izan behar du; euskal herritarrek inongo mugarik gabe erabakitakoa mundu guztiak errespeatzea. Bide horretan elkarrizketak duen garrantzia nabarmendu du Otegik. Lopezek, berriz, nabarmendu du elkarrizketa politikoa ireki behar dela "adostasunak zabaldu" eta "akordioak aztertzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu