politika

Lopezek eta Zapaterok "politika antiterrorista bera" dutela azpimarratu dute

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentea gaur bildu dira lehen aldiz. ETAren aurkako borroka indartzeaz eta krisiari aurre egiteko neurriez hitz egin dute, besteak beste.

2009ko uztailaren 1a
14:17
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea gaur bildu dira lehen aldiz, Lopez kargu horretan dagoenetik. Madrilen batzartu dira, Moncloan, 11:00etatik aurrera, pare bat orduz. Biak dira PSOEko kideak, eta mahai gainean izan dituzten gaiei buruz adostasuna agertu dute.

Besteak beste, ETAren aurkako borroka indartzeaz aritu dira. "Bi gobernu gara baina politika antiterrorista bera dugu", esan du Zapaterok, bilkuraren ostean. ETAren indarkeria amaitu nahi dutela adierazi dute, hark eragindako biktimak babestea, "demokratak" batzea, eta "indarkeriazaleei eta haiek babesten dituztenei" erakundeetan lekurik ez uztea.

Zapaterok Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenak igortzeko konpromisoa hartu du. Azpiegituren garapenaz eta krisiari aurre egiteko neurriez ere mintzatu dira.

Espainiako gobernuburuaren arabera, "aldaketaren eta Euskadiren itxaropenaren lehendakaria" da Lopez.

Jaurlaritzako burua etzi Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin bilduko da, aurreneko aldiz. Iruñean egingo dute batzarra, "azpiegitura, euskal kulturaren laguntza eta sustapena, eta telebista" gaiez hitz egiteko, Jaurlaritzak aurreratu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.