Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria AEBetan harrapatu du ETAren adierazpenak, eta hantxe egin ditu aurreneko hitzak. Ostiral honetarako, ordea, Jaurlaritzako ezohiko gobernu bilera deitu du —Gasteizen izango da—, eta ondoren, 13:00etan, agerraldia egingo du. Lopezek iragarri du euskal alderdiekin harremanetan jarriko dela egoera aztertzeko.
"Euskal gizarteak sufritu egin du, baina ez du inoiz amore eman, altxatu egin da eta askatasunaren ametsa lortzeko borrokatu da. Gaur amets hori bete da", esan du Jaurlaritzako lehendakariak, Euskal Herrian gaueko zortziak inguru zirenean.
Lopezen ustez, "argi" dago ETAk borroka armatua bukatuta "askatasunak eta demokraziak totalitarismoari eta indarkeriari irabazi" diete.
Gizarteak ETAren indarkeria "garesti ordaindu" duela esan du lehendakariak. "ETAri ez genion ezer zor, ez diogu ezer zor, eta ez diogu ezer ordainduko".
Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen bideo batean tren batetik egin ditu adierazpenak Patxi Lopezek.