Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur sinatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzeko dekretua. Iragan astean, Lopezek iragarri zuen urriaren 21era aurreratuko dituela bozak. Dekretua bihar sartuko da indarrean, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu bezain pronto, eta, ondorioz, legebiltzarra deseginda geratuko da. Bihartik aurrera, ganbera diputazio iraunkorraren esku geldituko da; 23 legebiltzarkidek osatzen dute diputazio iraunkorra.
Dekretuko artikulu batean, gogoraziko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 75 parlamentari aukeratuko direla, 25 kide probintzia bakoitzeko, Autonomia Estatutuan zehazten den bezala. Gainera, hauteskunde kanpainak zenbat iraungo duen adieraziko da dekretuan. Hauteskunde kanpaina urriaren 5ean hasiko da.
Hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdiek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzarretan aurkeztu beharko dute hautagaitza, dekretua argitaratu eta 15-20 eguneko epean. Irailaren 24an egingo da hautagaitzen aurkezpen ofiziala.