Patxi Lopez lehendakariak amaitu egingo du legealdia. Ez du hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Hala baieztatu du Eusko Jaurlaritzak berak, Idoia Mendia eledunaren ahotik. Igandeko bozen emaitzen ondoren, EAJk eta Amaiurrek Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzeko eskatu diote Jaurlaritzari, baina Mendiak erabat baztertu du aukera hori, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian: «Baten batzuk hauteskunde aurrerapenaz hitz egitearekin itsututa daude, baina Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran zituen sostengu berberak ditu oraindik ere, eta lehendakariak berak ere hasierako helburu berak ditu».
Lopezek lehendakari kargua hartu zuenetik zehaztutako hainbat erronka —indarkeria amaitzea, «bizikidetza» lortzea eta krisialditik «indarberrituta» ateratzea— «betetzeko bidean» direla esan du Mendiak, eta lehendakariak horiei helduko diela legealdia amaitu arte. «Lehendakariak herri hau gidatzen jarraituko du», ziurtatu du. Orain «Euskadiren alde» lanean jarraitzeko garaia da, Mendiaren arabera.
Halaber, Lopezek PSOE zuzendu lezakeela dioten zenbait zurrumurru ezeztatu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak. «Lehendakariak Euskadi, Euskadiko arazoak eta erkidego hau aurrera ateratzea baino ez du buruan». Nolanahi ere, PSOEk otsailean egingo du batzordea alderdiko idazkari nagusia aukeratzeko eta aurrerantzean hartuko duen norabidearen ildo nagusiak erabakitzeko, eta Lopezek «ekarpenak» egingo ditu kongresu horretan, Mendiak esan duenez.
«Hurrengo lehendakarigaia»
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak ere lehendakariaren etorkizunari buruzko zalantza oro argitu eta «zurrumurrua» amaitu nahi izan du. «Argi etagarbi» esan du lehendakariak ez dituela hauteskundeak aurreratuko, ez duela PSOE zuzenduko eta hurrengo hauteskundeetarako lehendakarigaia Lopezbera izango dela berriro. PSEko eledunak «irmo» ukatu du PSE-EEko militanteek eta hautesleriak Lopezen lidergoa zalantzan jarri dutela. «Hurrengo lehendakarigaia izango da eta legealdia bete egingo du».
PSEren zuzendaritzaren bileraren ostean hitz egin du Pastorrek, Bilbon. Azaldu duenez, Gorteetarako hauteskundeetako «emaitza txarren» ondoren barne hausnarketa hasi du PSEk, eta gogoeta prozesu hori PSOEren kongresua egin bitartean egingo dute. Sozialistek «autokritika» egin dute igandeko emaitzen inguruan, eta onartu dute krisialdi egoera batean gobernatu behar izateak eta indarkeriaren amaieraren osteko prozesua «modu ausartagoan» kudeatu ez izanak ondorioak izan dituela emaitzetan.
Aurrera begira, beraz, euskal gizartearen nahiekin bat egiteko lanean jarraituko dute sozialistek, baina lan hori ez dute «hutsetik hasiko», Pastorren arabera. PSEk bere lehentasunen arabera egingo du lan, eta ez «beste alderdi batzuen premien arabera». Izan ere, Pastorrek esan du EAJk eta Amaiurrek bozak aurreratzeko egin duten eskaera haien «larritasunen» eta «alderdi interesen» ondorio baino ez dela, eta bi alderdi horiei ohartarazi die ez dutela zehaztuko PSEren agenda politikoa.
PSEren «premiak» euskal gizartearenak direla dio Pastorrek, eta horiek lortzeko lanean jarraituko duela Jaurlaritzak. Ziurtatu duenez, gobernuak bere egitasmoa «bururaino» eramango du, besteak beste, euskal gizartearen «babes garrantzitsua» duelako eta bere hautesleria «berpizten» ari delako.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Balorazioak
Lopezek legealdia beteko duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak
Pastorrek esan du Lopezek ez duela PSOE zuzenduko, eta berriro izango dela hurrengo lehendakarigaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu