Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen legearen aldaketa behar dela, besteak beste erreformak 400 milioi euro aurreztea lekarkeelako, gaur Donostian esan duenez. Haren arabera, EAJk "bere botere zatia defenditzearren" uko egiten dio eztabaidari.
"Egitura instituzionala berrantolatuz eta eskumenak zentzuz banatuz" lor daiteke 400 milioi aurreztea, Lopezek adierazi duenez. Jaurlaritzaren, Eusko Legebiltzarraren, aldundien eta batzar nagusien artean "bikoiztasunak" sortzen direla esan du, eta "baliabide xahutze handia" egiten dela hala.
"Euskal egitura instituzionala EAJk bere neurrira eratu zuen". Lopezek gaineratu du Jaurlaritzan eta aldundietan EAJ baino ez zegoenean desadostasunak jeltzaleen egoitza nagusi Sabin Etxean konpontzen zirela, baina funtzionatzeko modu horrek ez duela balio erakundeetako agintaritzan beste alderdiak jarri direnean.